Politika -

Kataluniako auzia

PPk eta Juntsek bilera egin zuten udan Feijooren balizko inbestidura aztertzeko

PSOEk batzarrei buruzko azalpenak eskatu dizkio PPri. Bestalde, PPk bilera egin zela baieztatu du eta Juntsek eskatu zuena "onartzea ezinezkoa" zela esan du.

Juntsen zuzendaritzaren bilera Carles Puigdemontekin Bruselan.
Juntsen zuzendaritzaren bilera Carles Puigdemontekin Bruselan.
Juntsen zuzendaritzaren bilera Carles Puigdemontekin Bruselan.

Agencias | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi Popularra Junts per Catalunyarekin bildu zen abuztuaren erdialdean, Bartzelonan, Alberto Nuñez Feijooren inbestidurari begira balizko akordio bat aztertzeko.

La Vanguardia egunkariak asteazken honetan jakinarazi duenez, Bartzelonako hotel batean batzartu ziren Daniel Sirera Bartzelonako Udaleko PPko burua eta Xavier Dominguez alderdiko aholkulari politikoa Albert Batet parlamentari eta Carles Puigdemonten konfiantzazko gizonarekin eta Josep Rius Bartzelonako zinegotziarekin.

Bilera horretan, Alberto Nuñez Feijoo presidente izendatzeko elkar ulertzearen aukera aztertu zuten, independentistek PSOErekin negoziazioa formalki hasi aurretik.

PSOE azalpen eske

Batzar horren berri izan ostean, PSOEk PPri eskatu dio argitzeko zenbat bilera egin dituen Junts alderdiarekin eta zer gai jorratu zituzten horietan.

PSOEko iturriek adierazi dutenez, euren alderdiak egiten dituen bilerak modu diskretuan egiten badira ere, "ezagunak izaten dira" iritzi publikoarentzat.

Hori dela eta, "gardentasuna" eskatu diote PPri. Horrez gainera, euren ustez, Feijook azalpen argia eman beharko lieke "gutxienez bere boto-emaileei", baina baita PSOEk Junts alderdiarekin dituen itunen aurrean jarrera oso kritikoa izan duten alderdikideei ere, hala nola Aznarri, Ayusori eta Alvarez de Toledori.

PPk bilera berretsi du

Alderdi Popularrak, berriz, baieztatu egin du Juntsekin bildu izana. Daniel Sirera zinegotziak Catalunyako irrati batean eman duen elkarrizketa batean azaldu duenez, bilera "adeitsua" izan zen, baina "Juntsekin negoziaziorik hastea ezinezkoa zela ikusi zuen".

"Ez zuten aireportua handitzea, Rodaliesen hobekuntzak egitea eta finantziazio hobea eskatzen. Amnistia, erreferenduma eta horrelakoak bakarrik. Bideraezina zen", berretsi du.

Sirerak adierazi duenez, PPk Juntsek eskatutakoa onartu izan balu, "Feijoo presidente izan zitekeen". HOrrez gainera, gehitu du "Junts alderdiko jendeak" badakiela "Pedro Sanchez gezurti konpultsiboa dela eta ez dela fidatzekoa".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika PSOE PP Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua Alberto Núñez Feijóo Junts per Catalunya