Politika -

Iruñeko Udala

Ibarrola "klasistatzat" jo dute, UPNko alkate ohiak "nahiago dut eskailerak garbitu" esan ondoren

PSOEk, Sumarrek eta IUk, besteak beste, alkate ohi erregionalistari erantzun diote, karguaren agurrean egindako aipamen polemikoagatik.

Cristina Ibarrola (UPN) Iruñeko alkate ohia. Irudia: EITB
Cristina Ibarrola (UPN) Iruñeko alkate ohia. Irudia: EITB
Ibarrola: ''Inoiz ez nintzateke alkate izango EH Bilduren botoekin. Nahiago dut eskailerak garbitu ''

0:12

Eriz Lotina | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cristina Ibarrola (UPN) Iruñeko alkateak adierazi duenez, "inoiz ez nintzateke alkate izango EH Bilduren botoekin, inoiz ez, edozer gertatuta ere". "Ez nuke inoiz EH Bildu babestuko ezeren truke, edozer gertatuta ere. Eskailerak garbitzea nahiago dut", gaineratu du.

Kargutik kendu duten alkateak zentsura-mozioaren osteko prentsaurrekoan esandakoak ez du inor axolagabe utzi. Hala, askok Iruñeko alkate ohiaren aurka egin dute, "klasista" dela esanez.

PSOEren Twitter kontu ofizialetik kritikatu dituzte alkate ohiaren hitzak. "Guk nahiago dugu klasistak ez izan", adierazi du Ferrazek 'X' sare sozialean.

Yolanda Diaz Sumarreko buruzagi eta bigarren presidenteordeak esan duenez, eskailerak garbitzen dituzten emakumeek funtsezko zeregin soziala betetzen dute, eta haien lana ordaindu eta aitortu egin behar da. "Arrazoi bat gehiago Iruñeko zentsura-moziorako", aldarrikatu du Ibarrolaren adierazpenei erreferentzia eginez.

Bien bitartean, Iñigo Errejon Sumarreko diputatu eta Mas Paiseko buruzagiak ere adierazpenok hizpide izan ditu, "eskailerak garbitzea duina" dela azpimarratuz. "Andre hau ez hainbeste. Agur, klasista ", gaineratu du.

Era berean, Sumarren kontu ofizialetik ere erantzun dute, "klasismoak erakundeak uzten dituenean albiste ona da beti" esanez.

Irene Montero Podemoseko buruzagi eta ministro ohiak Ibarrolari gogorarazi dionez, "eskailerak garbitzen ez badira, mundua gelditzen da". "Klasismoa eta matxismoa da, eta horrek ahaztu egiten du zaintza-lanek, gehienbat emakumeek egiten dituztenak, bizitzari eusten diotela", azpimarratu du, eta zorionak eman dizkie Iruñeko bizilagunei aldaketa politikoagatik.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak adierazi duenez, "eskailerak garbitzea lan duina eta sozialki beharrezkoa da. Klasista izatea, ez. Agur UPN "

UPNko alkate ohiak esandakoari ere erantzun dio Izquierda Unidak X sare sozialean: "Eskailerak garbitzea alkatetza bat eramatea bezain duina edo duinagoa da. Klasista bat gutxiago gure erakundeetan".

Nagua Alba Eskubide Sozial, Kontsumo eta 2030 Agendaren Ministerioko kanpainen koordinatzaileak gogor kritikatu ditu politikari erregionalistaren hitzak: "Eskailerak garbitzea azken hilabeteetan zuk egin duzun guztia baino askoz ere duinagoa da".

Ordu batzuk geroago, Iruñeko alkate ohia X sare sozialean egindako adierazpenak zehazten saiatu da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea Twitter UPN Nafarroa Alderdi politikoak bideoak Sare sozialak Eguneko albisteak Albisteak Iruñeko Udala Cristina Ibarrola