Politika -
Zentsura-mozioa
Joseba Asiron aukeratu dute Iruñeko alkate, EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin alderdien babesarekin
EH Bilduren hautagaiak Iruñeko aginte-makila lortu du, Cristina Ibarrola alkatearen aurkako zentsura-mozioaren ostean.
N. B. | Agentziak | EITB MEDIA
Joseba Asiron (EH Bildu) Iruñeko alkate aukeratu dute ostegun honetan, Udaleko osoko bilkuran, Cristina Ibarrola alkatearen aurkako zentsura-mozioa irabazi ostean.
EH Bilduk (8 zinegotzi), PSNk (4 boto, bosgarren zinegotziaren kargua hartzeko zain), Geroa Baik (2) eta Zurekin (1) alderdiek osatzen duten gehiengoaren 15 botoak lortu ditu Asironek, eta UPNk (9) eta PPk (2) aurka bozkatu dute.
EH Bilduren hautagaia Iruñeko alkate berria da, garai demokratikoan Iruñeko Udalean lehen zentsura mozioa irabazi ondoren.
Horrela, EH Bilduk eta PSNk adostutako mozioak (Geroa Baik eta Contigo-Zurekin alderdiak ere bat egin zuten mozioarekin) alkatetzatik kendu du UPNko Cristina Ibarrola.
Cristina Ibarrola ekainean iritsi zen Alkatetzara, maiatzeko udal hauteskundeetan UPNren zerrendarik bozkatuenaren izaera baliatuta. Inbestidura saioan, PSN abstenitu egin zen eta ez zen Ibarrolaren ordezkorik izan.
Hala ere, urte erdia igarota, sozialistek eta EH Bilduk zentsura mozioa aurkezteko akordioa plazaratu zuten abenduaren 13an.
Horrela, Joseba Asiron Iruñeko Alkatetzara itzuli da, 2015-2019 legegintzaldian ere kargu hori izan baitzuen. Garai hartan, PSNren babesa ez zen beharrezkoa, Asironek gehiengoa lortu baitzuen EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerraren babesarekin.
Cristina Ibarrolak bere hitzaldian adierazi duenez, eztabaida "Iruñeari traizioa izeneko lan makabro honen amaiera da, sorpresarik gabe, duela sei hilabete idatzitako amaiera batekin". "Gaur PSNk Bilduri sari handi bat emango dio, aspalditik falta zuena eta Pedro Sanchez besaulkian mantentzea ahalbidetzen duena", esan du.
Asironek eta EH Bilduko bozeramaileak ez dute parte hartu eztabaidan.
Marina Curiel PSNko bozeramaileak adierazi duenez, Ibarrola "ekintza politiko indartsua, aldebakarrekoa, opakoa eta entzuteko eta elkarrizketarako erabat arrotza egiten aritu da, gainerako indar politikoak etengabe gutxietsiz, gutxiengoan egon arren". "Ez du inoiz akordiorik lortu nahi izan, hiriaren aurrerapena eragotziz. Ez dira aurrekontuak onartzeko gai izan, ez dute aurrekontu proiekturik aurkeztu", gaitzetsi du.
Carlos Garcia Adanero PPNko zinegotziak hitz egin ez duten bozeramaileei esan dienez, "lotsa ematen die hitz egiteak, badakitelako eskerrak eman behar dizkiotela Sanchezi eta Madrilek alkate egiten duela, Madrili buruz zioten guztiarekin". "Trukean Sanchezi ematen diote Gobernuko presidentetza. Normala da pozik egotea. Sanchezek lau urte daramatza EH Bildu zuritzen, eta gaur zuritze horri amaiera eman dio. Trukean presidentetza eman diote", adierazi du.
Geroa Baiko zinegotziak "kontrario politikoarekin deskalifikazioetan ez erortzeko" eskatu du. Egun garrantzitsua da gure hiriarentzat, aldaketaz ari gara, aurrerapenaz, aurrera egitea eta azken lau urte eta sei hilabeteetako paralisitik irtetea merezi duen Iruñeaz", adierazi du.
Txema Mauleon Zurekin elkarteko bozeramaileak adierazi duenez, "indar aurrerakoi guztien akordioari esker, gobernu berri bat osatuko dugu, programa berri batekin, zuek ondo ezagutzen duzuen eta, bide batez, egun hauetan guztietan koma bakar bat ere kritikatu ez duzuen hiri proiektu berri batekin".
UPN, PSN eta EH Bildu alderdietako hainbat buruzagi udaletxera joan dira, egunaren nondik norakoak jarraitzeko.
Javier Esparza UPNko presidentea eta erregionalisten zuzendaritzako ordezkari ugari izan dira udaletxean, besteak beste, Enrique Maya UPNko presidenteorde eta Iruñeko alkate ohia eta Yolanda Ibañez alderdiko idazkari nagusia.
Bernardo Ciriza PSNko presidentea eta Ramon Alzorriz Nafarroako sozialisten Antolakuntza idazkaria ere bertan izan dira, Iruñeko PSNko zinegotziei babesa emateko.
EH Bilduren aldetik, Laura Aznal Nafarroako Parlamentuko bozeramailea, Miren Zabaleta Nafarroako alderdiko koordinatzailea eta Bel Pozueta Kongresuko diputatua iritsi dira udaletxera.
Alderdi Popularrak ordezkaritza nazionala bidali du Carmen Funez Antolakuntza idazkariordearekin, Javier Garcia PPNko presidentearekin batera.
Elkarretaratzeak
Dozenaka pertsona bildu dira Iruñeko Udaletxe plazan zentsura-mozioaren alde. Elkarretaratze hori 11:30etatik aurrera zegoen deituta, zentsura-mozioaren eztabaida hasi baino hogeita hamar minutu lehenago.
UPNk, bere aldetik, 12:00etan toki berean elkarretaratzea egiteko deia egin du, Cristina Ibarrolari eta gainerako zinegotzi erregionalistei babesa emateko.
Udaletxe plazan polizia-dispositibo garrantzitsu bat jarri dute, Polizia Nazionalaren hainbat furgoi eta agenterekin. Gainera, udaletxeko sarrera nagusia hesitua izan da.