Politika -
neurri sozialak
EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak adostu dute pertsona zaurgarrien etxegabetzeak 2025era arte galaraztea
Koalizio abertzalea pozik agertu da akordioarekin, iritzita "milaka familiak bizi duten egoera zailari aurre egin ahal izateko", "ezinbestean" hartu behar direla gisa horretako neurriak.
eitb media
EH Bilduk akordioa iragarri du Espainiako Gobernuarekin, biek ala biek adostu dutelako asteazken honetan Ministroen Kontseiluan onartuko duten krisiari aurre egiteko neurrien dekretuan 2025era arte etxegabetzeak debekatzea.
Koalizio abertzalea pozik agertu da akordioarekin, iritzita "milaka familiak bizi duten egoera zailari aurre egin ahal izateko", "ezinbestean" hartu behar direla gisa horretako neurriak.
Aipatutakoa ez da EH Bilduk Gobernuarekin itundu duen neurri bakarra. Izan ere, iragan astean adostu zuten argindarra, ura eta gasa eteteko debekua, eta TUR4 tarifaren luzapena.
Positiboa, baina ez nahikoa
EH Bilduk "positibotzat" jo du akordioa, baita pertsona zaurgarriei babesa ematen dien beste edozein neurri ere, "oraindik oso beharrezkoak direlako, bizi dugun egoera ekonomiko eta soziala kontuan izanda".
Dena dela, ohartarazi du jakin badakiela horrekin ez dela nahikoa krisiari aurre egiteko. Gauzak horrela, lanean jarraitzeko konpromisoa erakutsi du, "bizitza duin baten oinarrizko mugarriak (hala nola, lan eskubideak, elikadura edota etxebizitza) bermatze aldera".