Politika -

ZENTSURA MOZIOA

EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak gobernu akordioa sinatu dute "Iruñea martxan jartzeko"

Gobernu akordioak 60 ekintza zehazten ditu. Alkatetza eta sei zinegotzi delegatu EH Bildurenak izango dira, Geroa Baik Sustapen Ekonomikoa eta Europako Proiekzioa hartuko ditu bere gain eta Zurekin Nafarroak Gizarte Ekintza kudeatuko du.

EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroako ordezkariak ituna sinatu ondoren. Argazkia: EFE
EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroako ordezkariak ituna sinatu ondoren. Argazkia: EFE
Iruñean aro bati ekiteko prest agertu dira EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa

1:00

Eriz Lotina | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cristina Ibarrolaren aurkako zentsura mozioa gauzatzen denean Iruñean udal gobernu berria osatzeko akordioa lortu dute EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak. Arratsaldean sinatu dute gobernu programa izango dena hiru udal talde horietako bozeramaileek, hurrenez hurren, Joseba Asiron (EH Bildu), Mikel Armendariz (Geroa Bai) eta Txema Mauleonek (Zurekin Nafarroa).

Sinadura ekitaldia Iruñeko Pamplona hotelean egin dute. Pasa den ostiralean Joseba Asironek gobernu berria osatzeko helburuz abiatu zuen bilera errondaren ondotik, hartu-emanak etengabekoak izan dira hiru taldeen artean, eta azkenean akordioa gauzatu da.

Gobernu akordioak 60 ekintza garrantzitsu zehazten ditu "hiria martxan jartzeko", ituneko sinatzaileen arabera. Alkatetza eta sei zinegotzi delegatu EH Bildurenak izango dira, Geroa Baik Sustapen Ekonomikoa eta Europako Proiekzioa hartuko ditu bere gain eta Zurekin Nafarroak Gizarte Ekintza kudeatuko du.

Hiru ordezkariak dokumentu sinatua esku artean dutela. Argazkia: EFE

Organigrama honakoa izango litzateke:

-Alkatetza: Joseba Asiron

-Giza Baliabideak, Ogasuna eta Kontratazio Arduratsua: Garbiñe Bueno

-Gobernu Estrategikoa, Hirigintza, Etxebizitza eta 2030 Agenda: Joxe Abaurrea

-Kultura, Jaiak eta Hezkuntza: Maider Beloki

-Segurtasuna eta Elkarbizitza: Endika Alonso

-Hiri Bizigarri eta Jasangarria: Borja Izaguirre

-Berdintasun, Ekintza Komunitario eta Auzoak: Zaloa Basabe

-Sustapen Ekonomikoa eta Europako Proiekzioa: Koldo Martinez

-Gizarte Ekintza: Txema Mauleon

-Parte-hartzea eta Euskara: Aitziber Campión

-Kooperazioa eta Gazteria: Mikel Armendariz

Txema Mauleonek nabarmendu duenez, gobernu akordioak "ezkerrera begiratzen du eskuinera baino gehiago", eta "bizikidetzaren alde" egiten duela nabarmendu du.

Mikel Armendarizek "lorpen politiko eta sozialtzat" jo du ituna, eta azpimarratu du osatzen duten indar politikoek "asmo handiago batengatik" gainditu dituztela euren arteko ezberdintasunak. "Pozik egon behar gara lortutako itunarekin", gaineratu du.

Azkenik, Joseba Asironek adierazi du gaurko eguna "garrantzitsua, historikoa" dela. Gainera, itxitako gobernu programa "anbizio handikoa" dela uste du.

EH Bilduk eta PSNk Ibarrolari Iruñeko alkatetza kentzeko akordioa erdietsi bazuten ere, sozialistak ez dira udal gobernuan sartuko. Hala ere, Asironek prentsaurrekoan adierazi du Alderdi Sozialistak baduela akordioaren "xehetasun guztien" berri.

Akordioa lau ataletan banatzen da: lehena, 'Berdintasuna, bizikidetza, aniztasuna eta zaintza', eta hainbat alderdi biltzen ditu, hala nola Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan egindako I. Bizikidetza Plana, auzo-gatazkak kudeatzeko bulegoa, Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako IV. Plana eta Hizkuntza Normalkuntzarako Plana, besteak beste.

Testuan, biktima guztien aitortza eta erreparazioa azpimarratzen da, bai ETArenak, bai "indarkeria politikoenak".

Bigarren atalean, 'Etxebizitza soziala, kultur ekipamenduak eta kalitatezko espazio publikoa' izenekoan, hainbat neurri jasotzen dira, hala nola Etxebizitza Egitasmo bat, Birgaitze Ordenantza berria, Sarasate pasealekuaren diseinua eta berrurbanizazioa, Sanduzelaiko biribilgunerako ideien lehiaketa, Euskal Pilotaren Museoa edo Erorien eraikinerako eta Askatasunaren Plazarako, herritarren parte-hartzearekin, alternatiba baten diseinua.

Azken puntu horri dagokionez, "Erorien Monumentuan eta haren inguruan esku hartzeko oinarrizko adostasuna" dagoela adierazi du Asironek, nahiz eta hori egiteko moduari buruzko ikuspuntu desberdinak dauden.

Ez da aipatzen Zangoza kaleko lurpeko aparkalekuaren proiektua, baina, Asironek esan duenez, II. Zabalgunean dauden aparkaleku arazoen azterketa "sakona" egingo da.

Hirugarren atalak 'Trantsizio energetikoa, mugikortasun iraunkorra eta hiriaren birnaturalizazioa' du izena, eta hainbat ekimen ditu, hala nola Pio XII.aren korridore iraunkorra osatzea, Ibai Egitasmoa garatzea, Aranzadiko Ekoparkearen bigarren fasea, Plastikozko Ordenantza, Mugikortasun Plan Integrala edo hirian 25.000 zuhaitz berri landatzea.

Laugarren eta azken atalak 'Auzoen Plana' izenburuko jarduerak jasotzen ditu. Horien artean, Erripagañaren etorkizunerako "konponbide argi eta eraginkor" baten konpromisoa nabarmentzen da. Marcelo Celayeta etorbidearen diseinu berria, Irunlarrea kalearen bizkortzea, Auzo Kontseiluak sortzea eta Santa Ana plazako esku-hartze integrala ere atal honetan daude.

Abenduaren 28ko ezohiko osoko bilkuran bozkatuko dute zentsura mozioa, Cristina Ibarrola Iruñeko alkatearen kargutik kendu (UPN) eta Joseba Asiron (EH Bildu) jartzeko. Hortaz, Joseba Asiron berriro alkate izendatuko dute, 2015etik 2019ra bitartean ere karguan egon baitzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñeko bideoak Albisteak Geroa Bai EH Bildu Araba Joseba Asiron Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Nafarroako Podemos gaur Iruñeko Udala