Politika -
hauteskunde autonomikoak
Otsailaren 18ra aurreratu dituzte hauteskundeak Galizian
Bozak ekainean zeuden aurreikusita, baina Alfonso Rueda Xuntako presidenteak data aurreratzea ebatzi du, hitzorduak Europako hauteskundeekin bat egin ez dezan.
Agentziak | EITB Media
Galiziak otsailaren 18an egingo ditu hauteskunde autonomikoak, Alfonso Rueda Xuntako presidenteak iragarri duenez.
Ruedak, iazko apiriletik Alberto Nuñez Fejiooren ordezkoa, iragarri du hauteskundeak aurreratuko dituela, "2024ko ekainerako aurreikusita baitzeuden", 2024rako aurrekontuak onartu eta gerorako, hain zuzen.
"Galizia aurrekontuak onartzen dituen Espainiako lehen erkidegoa da (abenduaren 19an, asteartean), eta urtarrilaren 1ean erabat martxan egongo dira", azaldu du Ruedak komunikabideen aurrean. Esan duenez, bere helburua Galizia ekonomikoki "blindatzea" da.
Ruedak adierazi du ez duela data hori hauteskundeak aurreratzea bezala ulertzen; izan ere, 2020ko hauteskundeak uztailean izan baziren ere, apirilerako aurreikusita zeuden, baina osasun-pandemiaren ondorioz atzeratu egin behar izan ziren.
Alberto Nuñez Feijoo PPko egungo buruak parte hartzen ez duen azken 14 urteetako lehen hauteskundeak dira. Hain zuzen ere, Ruedak azaldu du gaur goizean deitu diola bere erabakiaren berri emateko eta "hedabideen bidez ez jakiteko".
Era berean, "adeitasunez", Iñigo Urkullu lehendakariari telefonoz deitu diola esan du, bi erkidegoetako deialdiek beste batzuetan bat egin ostean.