Politika -
HONDARRIBIA
Abotsanitzek eta EH Bilduk gobernu akordioa itxi dute Hondarribiko Udalean
Bost ardatz dituen akordioa izenpetu dute. Hala nola, "herritarren partaidetzan oinarritutako gizartearen" eta "justizia soziala eta herritarren bizi baldintzak hobetzea helburu duen herri euskaldunaren" alde lan egitea adostu dute.
EITB MEDIA
Abotsanitzek eta EH Bilduk gobernu akordioa itxi dute Hondarribiko Udalean, koalizioan gobernatzeko. Abotsanitz plataformak du alkatetza (Igor Enparan) herri horretan —maiatzaren 28ko udal hauteskundeak irabazi zituen—, eta gaur jakitera eman duten itunaren ondoren, EH Bilduko Garoa Lekuona bigarren alkateorde izendatuko dute, eta Euskara, Ingurugiroa eta Energia sailak haren ardurapean geratuko dira.
2015ean sortu zen Abotsanitz taldea, Hondarribiko Alardearen harira herri horretako ezker abertzalean sortutako barne zatiketa baten ondotik. Abotsanitzek irabazi bazituen ere bozak, EH Bilduren babesa ezinbestekoa izan zen, 28 urtez agintean egon zen EAJri aginte-makila kentzeko.
Bi taldeek gaur eman dituzte jakitera itunaren xehetasunak. Bost ardatz dituen akordioa izenpetu dute: batetik, udal administrazio sendo eta modernoa sustatzea dute helburu, herri erronkei aurre egiteko, eta, bestetik, herritarren partaidetzan oinarritutako gizartearen alde lan egin nahi dute. Horrez gain, justizia soziala eta herritarren bizi baldintzak hobetzea duen herri euskalduna eraikitzeko konpromisoa hartu dute bi aldeek.
Halaber, akordio hau lau urterako izatea adostu dute eta alde biko mahai bat sortuko dute, izenpetutakoa betetzen ari dela bermatzeko.
Azkenik, udalaz gaindiko beste erakunde eta sozietateetan, talde bakoitzak modu independentean jokatuko duela ere jaso dute itunean.
Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan, Abotsanitzek 7 zinegotzi lortu zituen, EAJk 6, eta PSE-EEk eta EH Bilduk bina.