Politika -

Ekialde Hurbilera bisita

Bi Estaturen konponbidea defendatu du Sanchezek Netanyahuren, Herzogen eta Abbasen aurrean

Gainera, Espainiako Gobernuko presidenteak elkartasuna adierazi die Israelgo bahituen senideei. Jerusalemen, Palestinan eta Egipton egiten ari den biraren lehen eguna Tel Aviveko Ben Gurion aireportuan egin duen bilera honekin itxi du Sanchezek.

Pedro Sanchez, Mahmud Abbas eta Alexander Croo Mukatan, ANPren egoitzan. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez, Mahmud Abbas eta Alexander Croo Mukatan, ANPren egoitzan. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez, Mahmud Abbas eta Alexander Croo Mukatan, ANPren egoitzan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Mahmud Abbas Palestinar Aginte Nazionaleko presidentearen aurrean adierazi duenez, ANPk hartu behar du bere gain Gazako Zerrendaren kontrola, Israelekin gaur egun duen gatazka amaitu ondoren, eta, aldi berean, Espainiak bi Estaturen konponbidea gauzatzeko konpromisoa berretsi dio, Exekutiboko iturriek jakitera eman dutenez. Hori bai, Sanchezek ez ditu bi Estatu horien mugak zehaztu.

Sanchezi eta Alexander de Croo Belgikako lehen ministroari harrera egin die Abbasek Mukatan, Palestinar Aginte Nazionaleko Presidentetzaren egoitzan. Espainiako gobernuburuak defendatu du ANPk Gazako Zerrendaren kontrola bere gain hartu behar duela, eta Isaac Herzog eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari ere jakinarazi die.

Espainiako Gobernuak uste du Palestinar Aginte Nazionala dela palestinarren aldeko eragile legitimo bakarra, eta rol hori indartzearen alde egin du, Hamasekin kontrajarrita; izan ere, Sanchezek urriaren 7an erasotako kibutz bat bisitatu ondoren azpimarratu duenez, Hamaseko kideek "kontuak eman" behar dituzte. Era berean, Palestinako presidenteak adierazi du prest egongo litzatekeela, baina baldintza jakin batzuetan.

Jerusalemen goizean egin duten bileran, Espainiako Gobernuko presidenteak Isralego lehen ministro Benjamin Netanyahuri esan dio terrorismoaren aurkako borroka ezin dela soilik indarrez egin, alegia, bakea eta segurtasuna eskaini behar dituela. Gazan gertatzen ari denaren gaineko gogoeta eginda, Netanyahuri gogorarazi dio Espainiak "terrorismoaren aurkako borrokan hamarkada luzez izandako esperientzia".

Moncloako iturriek argitu dute, elkar agurtu ostean, Sanchezi eta De Croori bideo bat erakutsi diela lehen ministroak, Hamasen erasoaldiaren "irudi oso bortitzekin", "Israel jasaten ari denaren lekuko" izan daitezen. Buruzagi espainiarrak elkartasuna adierazi dio, baina aldi berean, palestinar herriaren sufrimendua geldiaraztea eskatu du.

Sanchezek egindako bake eta segurtasun proposamenari erantzunez, Netanyahuk nabarmendu du zinez bakea nahi duten palestinarrekin soilik egin dezaketela hori, iritzita arazo nagusia dela hainbatek ez dutela Estatu israeldarra existitzen denik onartzen.

Gauzak horrela, Sanchezek galdegin du hilabete gutxiren buruan bake konferentzia bat antolatzea, arazo horri irtenbidea bilatze aldera.

Pedro Sanchez, Benjamin Netanyahu eta Alexander Croo. Argazkia: EFE

Herzogen eta Sanchezen arteko batzarra

Bestalde, Gazako Zerrendan burutzen ari den erasoen harira, Espainiako gobernuburuak Israelgo presidente Isaac Herzogi eskatu dio bere herrialdeak nazioarteko zuzenbidea bete, eta bertara laguntza humanitarioa heltzea erraz dezala, osterantzean zibilak hiltzeko dagoen arriskuaz ohartarazita.

Eskaera horiek egin dizkio Herzogi, Belgikako lehen ministro Alexander de Croorekin batera, Israelera egiten ari den bisitan izan duen bileran.

Palestinara eta Egiptora ere joango da Espainiako gobernuburua, eta Hamasek iragan urriaren 7an erasotutako kibbutz bat bisitatuko du.

Herzogekin izan duen batzarrean, azpimarratu du Espainiak bat egiten duela Israelen minarekin, Hamasen erasoaldia gaitzetsi du, eta bahituta dauden pertsona guztiak aske uztea eskatu.

Argi utzi du, baita, Isralek defendatzeko eskubidea duela, nazioarteko zuzenbidea beteta, baina. "Erantzunak ez du zibilen heriotza ekarri behar", erantsi du.

"Zibil guztiak babestea eskatzen dugu, eta laguntza humanitarioa lehenbailehen Gazan sartzea. Arriskua dago berehala jendea hiltzeko", adierazi du.

Palestinako Aginte Nazionalak Gaza bere esku hartzea defendatu ostean, ziurtatu du gatazkari irtenbidea emateko aukera onena bi estatuen —Israel eta Palestina— aldi bereko existentzia dela.

Hitzordua bahituen senideekin

Gainera, Espainiako Gobernuko presidenteak elkartasuna adierazi die Israelgo bahituen senideei. Jerusalemen, Palestinan eta Egipton egiten ari den biraren lehen eguna Tel Aviveko Ben Gurion aireportuan egin duen bilera honekin itxi du Sanchezek.

Bahitu horietako batzuen senideek hainbat kibutz eta Hamasek erasotako musika jaialdian bizi izandakoaren inguruko xehetasunak emateko aukera izan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Belgika albisteak Espainiako Gobernua argazkiak Pedro Sánchez Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbila Hamas Netanyahu, Israelgo lehen ministroa