Politika -
INBESTIDURA
Elkarretaratze jendetsua Madrilgo Cibelesen, amnistia legearen aurka
Feijook "murruak ez altxatzeko" eskatu dio Sanchezi; eta Abascalek buruzagi popularrarekin batzartu nahi du Espainiako Gobernuko presidentearen "kolpeari" eman beharreko "erantzun instituzionala koordinatzeko".
agentziak | eitb media
Ehundik gora foro eta elkarte zibikok deituta, Madrilgo Cibeles plaza jendez lepo bete dute gaur amnistia legearen aurka eta Konstituzioaren alde. Mobilizazioan parte hartu dute, besteak beste, Alberto Nuñez Feijoo PPren presidenteak eta Santiago Abascal Voxen buruak.
"Ez nire izenean: ez amnistiarik, ez autodeterminaziorik. Askatasunaren, batasunaren eta berdintasunaren alde!" lelopean, antolatzaileek salatu dute Pedro Sanchezen inbestidura "ustela" izan dela, eta amnistiaz gain, erreferenduma ere aurreikusten duela. Horregatik, herritarrei parte hartzeko deia egin diete, espainiarrak "izan edo ez izan" daudelako Amnistia Legea eta PSOEk independentistekin egin dituen itunak direla eta.
Deitzaileen artean daude Foro Libertad y Alternativa, Unión 78, Foro España Cívica, Cataluña Suma, Pie en Pared, S'ha Acabat!, NEOS, Asociación por la Tolerancia, Convivencia Cívica Catalana, De Español a Español por la Constitución, OLE (Otra Ley Electoral), Resiste España, Nuevo Espíritu de Ermua eta urtarrilaren 21ean 'Espainiaren, Demokraziaren eta Konstituzioaren alde' Cibelesen beste elkarretaratze bat deitu zuten beste dozenaka elkarte.
'Sanchez espetxera', "Sanchez aberrisaltzaile traidorea' eta 'Pedro Sanchez da XXI. mendeko Judas' zioten pankartak ikus zitezkeen Madrilgo plaza ezagunean, eta "Puigdemont espetxera", "Sanchez dimisioa" eta "Gogoko dut fruta" bezalakoak entzun dira.
Alberto Nuñez Feijoo PPren presidenteak "espainiarren artean murrurik ez eraikitzeko" eskatu dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, eta "demokraziaren alarmak pizuta" daudela ohartarazi badu ere, herritarrei "beldur" ez izateko eskatu die, Espainian sistema demokratikoa indarrean dagoelako.
Bestalde, Abascalek esan du buruzagi popularrarekin batzartu nahi duela Espainiako Gobernuko presidentearen "kolpeari" eman beharreko "erantzun instituzionala koordinatzeko".
Elkarretaratze bera Iruñean
Bestalde, milaka lagun bildu dira Iruñean ere, Nafarroako Sociedad Civil, Pompaelo eta Doble 12 elkarteek deituta, amnistia legearen eta balizko autodeterminazio lege baten aurka. Mobilizazio horretan UPNko hainbat kide izan dira, hala nola, Javier Esparza UPNko presidente bera, Alberto Catalan diputatua edo Alejandro Toquero Tuterako alkatea. PPko eta Voxeko zenbait kidek ere parte hartu dute, besteak beste, Javier Garcia popularra edo Emilio Jimenez Voxeko parlamentaria.