Politika -

Inbestidura

Aukera gutxi ikusten ditu PSOEk Sanchezen inbestidura asteon egiteko

Oraindik bideragarria bada ere, sozialistek uste dute datorren astera arte ez dutela Diputatuen Kongresuan Sanchezen Presidentetza bozkatuko. Oraingoz, baina, ez dute horretarako data zehatzik eman.

Espainiako presidente Pedro Sanchez. Argazkia: EFE
Espainiako presidente Pedro Sanchez
Espainiako presidente Pedro Sanchez. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOEren eta Juntsen arteko negoziazioek ez dute etenik. Bruselan, Espainiako Gobernuko jarduneko presidente Pedro Sanchezen inbestidura akordioari azken zertzeladak ematen ari dira egunotan, eta, aurreikusi dutenez, litekeena da datozen orduetan ituna ixtea. Alabaina, bi aldeek onartu dute zaila litzatekeela aste honetan bertan inbestidura saioa egitea, negoziazio iturrien arabera. 

Gaur-gaurkoz, dela sozialistak dela Juntseko ordezkariak buru-belarri eta tentuz ari dira tratua egiten, legeak arrakalarik izan ez dezan, eta, horrenbestez, Parlamentuko tramitea eta segur aski Auzitegi Konstituzionalak egingo dion azterketa gaindi ditzan —oposizioak dagoeneko aurreratu du arau horren aurka egingo duela—.

Edozelan ere, kontsultatutako iturriek azpimarratu dute negoziazioa bide onetik doala, eta akordioa edozein momentutan gauzatuko dutela. Haatik, egunek aurrera egin ahala, inbestidura saioa egiteko epeak mugatu dira, eta sozialistek zail ikusten dute hasierako planei eutsi, eta asteon bertan Sanchez presidente izendatzea.

Oraindik bideragarria bada ere, sozialistek uste dute datorren astera arte ez dutela Diputatuen Kongresuan Sanchezen Presidentetza bozkatuko. Oraingoz, baina, ez dute horretarako data zehatzik eman.

Bitartean, hizketan jarraituko dute. Igandetik Bruselan da sozialisten ordezkaritza, Santos Cerdan idazkaria buru. Egonaldia egun bat luzatu dutela jakin da gaur, akordioa erabat itxi arte ez baitabiltza handik joateko asmotan. 

"Motel doaz berbaldiak, negoziazio dinamikak hartu duen bideak hala behartuta", azaldu dute aipatu iturriek. Paperak trukatzen ari dira etengabe, eta talde juridikoak eskuz esku dabiltzan dokumentu horiek aztertzen. Horrek atzeratu du, hain justu, prozesua. Erantsi dutenez, azken dokumentua PSOEk helarazi dio bart Juntsi, eta erantzunaren esperoan daude orain.

Iturri berberek xehatu dute legea juridikoki "orbangabea" izatean datzala negoziazioaren muina, alegia, "pitzadurarik" ez izatea dutela helburu, Parlamentuaren eta Konstituzionalaren iragazkiak aise gaindi ditzan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PSOE Brusela Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Carles Puigdemont Junts per Catalunya