Politika -
Inbestidura
PSOErekin inbestidura ixteko akordiorik gabe amaitu du Juntsek bilera
Negoziatzen jarraituko dutela ziurtatu dute Juntsetik. Talde katalanaren asmoa da itun "globala" bilatzea, gatazkaren konponbidea, amnistia eta autodeterminaziorako oinarriak bilduko dituena.
EITB MEDIA
Juntseko zuzendaritza iraunkorrak ostegun honetan Bruselan egin duen bilera PSOErekin itunik egin gabe amaitu da, baina negoziatzen jarraituko dutela aurreratu dute. "Gutxienez, bihar arte itxaron beharko da", adierazi dute alderditik.
Oraindik akordiorik lortu ez duten arren, negoziatzen jarraituko dutela ziurtatu dute Juntseko iturriek. Talde katalanaren asmoa da itun "globala" bilatzea, gatazkaren konponbidea, amnistia eta autodeterminaziorako oinarriak bilduko dituena.
Junts alderdiaren zuzendaritza iraunkorra Belgikako hiriburuko Thon hotelean bildu da, Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohi eta alderdiko eurodiputatua buru zela. Berak ohartarazi du ez duela jarrera zuhurra aldatuko negoziazioetan. Gogoratu duenez, neurri guztiak gutxi dira Espainiako sistema politikoarekin hitz egiteko: "Horri eusten diogu eta hori berresten dugu. Orain arte izan ditugun zuhurtzia eta jarrera ez ditugu aldatuko, batzuek presa handiagoa izan arren", azpimarratu du.
Bileran izan dira, halaber, Anna Erra, Josep Rius eta Aurora Madaula presidenteordeak, David Torrents antolakuntza idazkaria, Teresa Pallares finantza idazkaria eta David Saldoni idazkari nagusiaren ondokoa. Halaber, Toni Comin kontseilari ohia, Miren Nogueras Kongresuko Junts alderdiko burua eta Josep Lluis Cleries Senatuko Junts alderdiko bozeramailea ere izan dira.
Akordioa egitea espero du PSOEk
Felix Bolañosek, Presidentetzako, Gorteekiko Harremanetarako eta Memoria Demokratikoko jarduneko ministro eta PSOEren negoziazio-batzordeko kideak, aitortu du oraindik ez dutela akordioa itxi, amnistia legeari dagokionez.
Ministroak ez du zehaztu zer ari den geldiarazten Puigdemontek zuzentzen duen alderdiarekin lortu nahi duen akordioa; "abian dagoen negoziazioa" dela esan du eta, beraz, diskrezioa izango dela nagusi akordioa itxi arte.
Ildo horretan, Bolañosek argi utzi du Junts alderdiarekin akordioa "oso goiz" lortzea espero duela eta, hori gertatutakoan, xehetasun guztiak jakinaraziko dituztela eta adostutakoa publiko egingo dutela, ERCren kasuan bezala.