Politika -

Inbestidura

ERCk eta PSOEk akordioa itxi dute, Rodalies eskualdatu eta Estatuarekiko zorraren 15.000 milioi barkatuta

Amnistiaren legeaz gain, PSOEk eta ERCk hitzartu dute negoziazio mahaian jarraitzea, Rodalies (aldirietako trenak) guztiz eskualdatzea eta Likidezia Funts Autonomikoarekiko zorraren zati bat barkatzea (15.000 milioi euro).

Bolaños eta Junqueras, gaur. Argazkia: ERC
Bolaños eta Junqueras,  gaur
Bolaños eta Junqueras, gaur. Argazkia: ERC

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ERCren zuzendaritzak ontzat eman du alderdi errepublikanoak, joan den astean, Pedro Sanchezen inbestidurarako PSOEkin itxitako akordioa. Nolanahi ere, oraindik militantziaren oniritzia falta da (kontsulta telematikoa egingo dute).

Eguerdian bildu da ERCren exekutibo nazionala, eta argi berdea eman dio akordioari. Oriol Junquerasek erabakiaren nondik norakoak azaldu ditu, ERCren Bartzelonako egoitzan.

Amnistiaren legeaz gain, PSOEk eta ERCk hitzartu dute negoziazio mahaian jarraitzea, Rodalies (aldirietako trenak) guztiz eskualdatzea eta Likidezia Funts Autonomikoarekiko zorraren zati bat barkatzea (15.000 milioi euro).

Junquerasek agerraldian azaldu duenez, Kataluniako Gobernuak 1.300 milioi euro gehiago aurreztuko ditu; zor horren interesak, hain zuzen. Nabarmendu du "finantzaketan urte askotan egin den urratsik garrantzitsuena" dela. "Ez dago neurri alderagarririk", esan du. Junquerasek uste du itun horrekin irabazten duena Katalunia dela, eta horregatik "erantzukizun handia" izan dezan eskatu dio Juntsi —Puigdemonten alderdiak PSOErekin akordiorik itxi gabe amaitu du bere bilera—: "Pentsatu nahi dut esparru politiko guztiek lagunduko dutela hau ondo joan dadin", esan du.

Oriol Junqueras (ERC): ''Inbestidurarako akordioa da, baina jarraipena izan dezake legealdi osoan''
Oriol Junqueras (ERC): ''Inbestidurarako akordioa da, baina jarraipena izan dezake legealdi osoan''
Oriol Junqueras (ERC): ''Inbestidurarako akordioa da, baina jarraipena izan dezake legealdi osoan''

1:33

Bestalde, Felix Bolaños Espainiako Gobernuko Presidentetzaren jarduneko ministroak eta Salvador Illa PSCren lehen idazkariak ere agerraldia egin dute, sozialisten Bartzelonako egoitzan, ERCko zuzendaritzak Sanchezen inbestidurarako ituna babestu ostean.

Illak akordioa ospatu du, eta esan du aro berri bat ireki dela, "haustura politikotik" urrun. "Kataluniako gizarteak aurrera egin du, eta gaur alderdi politikoak atzean uzten hasi gara erresumina, elkarrizketarik eza eta desadostasunen urteak", gehitu du.

Ildo beretik, Bolaños oso pozik agertu da, eta "inbestidurarako eta legealdi egonkor baterako beste urrats bat" dela ziurtatu du. Hala ere, amnistia legeari dagokionez, Juntsekin akordioa oraindik itxi gabe dagoela onartu du.

Ministroak ez du zehaztu nahi izan zer ari den geldiarazten Carles Puigdemontek zuzentzen duen alderdiarekin akordioa lortzea, "abian dagoen negoziazioa delako" eta, beraz, diskrezioa egon behar delako.

Zentzu horretan, Bolañosek argi utzi du Juntsekin akordioa lortu bezain laster, —"oso laster" izatea espero du—, xehetasun guztiak jakinaraziko dituztela eta adostutakoa publiko egingo dutela, ERCrekin hitzartutakoaren kasuan bezala.

"Negoziazioak beti dira diskretuak, eta akordioak eta gardentasuna daudenean, azaldu eta argitaratu egiten dira", esan du, eta PSOEren borondatea berretsi du: "Adostutako guztia ezagutu dezatela herritarrek".

Felix Bolaños (PSOE): ''Bizikidetza hobetzeko bidean, amnistia legea negoziatzen ari gara alderdiekin''

0:39
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia egoera politikoa Berriak Politika Kataluniako erreferenduma gaur Espainiako Gobernua bideoak Pedro Sánchez argazkiak Gaurko titularrak Albisteak ERC