Politika -

Inbestidura

PSOEko Antolamendu idazkari Santos Cerdan Puigdemontekin bildu da Bruselan

Aurrez aurreko bilera hori Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen inbestidurarako bi alderdiek dituzten elkarrizketen barruan kokatzen da. Hainbat hedabideren arabera, PSOEren asmoa da inbestidura-saioak azaroaren 7an eta 8an egitea.

Gaur Bruselan izandako bileraren irudia. Argazkia: Junts per Catalunya
Gaur Bruselan izandako bileraren irudia. Argazkia: Junts per Catalunya
Gaur Bruselan izandako bileraren irudia. Argazkia: Junts per Catalunya

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santos Cerdan PSOEko Antolamendu idazkaria Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiarekin bildu da gaur arratsaldean, Junts per Catalunyako diputatuek Europako Parlamentuan duten egoitzan. Jordi Turull Junts per Catalunyako idazkari nagusia, Iratxe Garcia-Perez PSOEk Europako Parlamentuan duen taldeko presidentea eta Javier Moreno Europako Parlamentuko sozialisten ordezkaritzaren burua ere bileran izan dira.

Bilera Espainiako Gobernuko hurrengo presidentea izendatzeko negoziazioen azken txanpan heldu da, azaroaren 27ko epemuga iritsi baino lehen. Hainbat hedabidek astelehen honetan zabaldu dutenez, PSOEren asmoa da inbestidurarako saioak azaroaren 7an eta 8an izatea, eta Sanchez lehenengo bozketan presidente hautatzea nahi dute.

Junts per Catalunyak bileraren "giro ona" azpimarratu du, eta negoziazioak "norabide onean" aurrera doazela gaineratu du. Hori dela eta, datozen egunetan hitz egiten jarraitzeko deia egin du.

Negoziazioek Kataluniako prozesuan auzipetutakoentzako amnistia izan dute ardatz nagusi, baita akordioak betetzen direla egiaztatzeko Junts alderdiak eskatzen duen bitartekaritza-mekanismoa ere.

Amnistiaren inguruko akordioa bideratzen ari dira dagoeneko negoziatzaileak; izan ere, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidente eta PSOEko buruak amnistiaren alde egin du militanteei zuzendutako gutun batean, eta neurri hori "bide zuzena" dela ziurtatu du, Katalunian "oraindik irekita dauden zauriak gainditzen" lagunduko duelako.

Junts per Catalunyako kideek aste batzuk zeramatzaten zain, PSOEko goi-ordezkari bat Belgikara joan zedin Puigdemontekin biltzeko, Kataluniako presidente ohia solaskide politiko gisa legitimatzeko keinu grafiko gisa.

Irailaren 4an, Yolanda Diaz jarduneko Gobernuko bigarren presidenteorde eta Sumarreko burua Puigdemontekin bildu zen Belgikako hiriburuan, Europako Parlamentuaren egoitzan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Alderdi Sozialista Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Carles Puigdemont Europarlamentuari buruzko azken albisteak Junts per Catalunya