Politika -

Nafarroa

Nafarroako Parlamentuak Foruaren Hobekuntzaren erreformari buruzko ponentzia bat sortzea onartu du

Proposamenak PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin alderdien babesa jaso du, eta UPN, PP eta Vox aurka agertu dira. Proposamenak duela 41 urte indarrean sartu zen legea erreformatu nahi du, bi aldiz bakarrik ukitu dena.

Nafaroako Parlamentua, artxiboko irudian. Argazkia: EFE
Nafaroako Parlamentua, artxiboko irudian. Argazkia: EFE
Nafaroako Parlamentua, artxiboko irudian. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Parlamentuko Foru Araubideko Batzordeak ponentzia bat sortzea onartu du Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoa (Lorafna gisa ezaguna gaztelaniaz) eguneratzeko.

Proposamenak PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin alderdien babesa jaso du, eta UPN, PPN eta Vox aurka agertu dira.

Legea indarrean sartu zenetik 41 urte igaro direla azpimarratzen du proposamenak, eta eskumenen garapen osoa sustatzeko beharra nabarmentzen du, baita, aurretiazko negoziazioen bidez, oraindik egiteke dauden eskumen transferentziak gauzatzearen garrantzia azpimarratu ere.

Pablo Azcona Geroa Baiko bozeramaileak ponentzia defendatu du, lau hamarkadaren ondoren transferitzeke dauden eskumenen balantzea egiteko beharra azpimarratuta eta Nafarroako egungo gizartea eta 1982koa bereizten dituzten aldaketa sozial eta ekonomikoak alderatuta.

Era berean, eztabaida hori irekia eta marra gorririk gabekoa izan behar dela nabarmendu du, araua "sentsibilitate ezberdinen arteko topaketa izan dadin", eta eskatu du eztabaida "irekia eta mugarik gabekoa" izatea, "adostasunak bilatzeko". Ildo horretan, ordezkari sozialistei "eskuinak esan dezakeenaren beldur ez izateko" eskatu die.

PSNren izenean, Ramon Alzorrizek berretsi du "sozialistek Hobekuntzaren legean ezarritako oinarrizko printzipioekin duten konpromisoa". Ildo horretan, zonifikazio linguistikoari eusteko asmoa berretsi du.

"Aldarrikatu zenetik, Hobekuntzaren legea birritan ukitu dute, beti ere UPNren gobernupean", esan du Alzorrizek, eta deitoratu du herritarrek ez dituztela ulertzen "ez nazionalistek Nafarroa Euskadira batzeko duten gogoa, ezta eskuinaren salaketak ere, PSNk Nafarroa saldu nahi duela esaten duenean".

Laura Aznalek, EH Bilduko bozeramaileak, bere alderdiaren aldarrikapen historiko gisa ospatu du batzordearen onarpena, eta eztabaida horren beharra azpimarratu du. Bere alderdiaren lehen helburua "nafar guztien bizi-baldintzak hobetzea" dela nabarmendu du.

"Ariketa demokratiko iraunkorra izango den prozesu bat nahi dugu", esan du, eta "Nafarroak bere etorkizunaren jabe izan behar du, bere estatus politikoa, gainerako euskal lurraldeekiko harremanak eta Espainiako Estatuarekiko harremana zehazteko", gaineratu du.

Bestalde, Carlos Guzman Zurekin taldeko kideak azpimarratu du gogoeta egin behar dela "autogobernuaren bizkarrezurra" deitu duen horri buruz, Nafarroako gizarteak azken urteetan izan duen eraldaketa dela eta.

"Gure talde parlamentarioa elkarrizketaren aldeko jarrera anbiziotsuarekin dator", esan du, eta ziurtatu du "autogobernua indartu" behar dela, "herritarren berrespen zuzena bilatuz". Bere helburuak dira "eskubide sozialak blindatzea eta zabaltzea, eta Nafarroako sistema demokratikoa erradikalizatzea, demokrazia parte-hartzailerako tresna berriak bultzatuz".

Javier Esparza UPNko presidenteak kontrako argudioen txanda ireki du, "euskal nazionalismoak Nafarroa anexionatzeko duen obsesioarekin" hasi dela salatzeko. "Inork ez dezala UPNren laguntza izan Hobekuntzaren legea negoziazio interesatu bihurtzeko, boterearen egonkortasuna bermatzeko trukerako txanpon gisa", esan du, eta "lau hamarkada hauetan lortutako guztia" balioetsi nahi izan du.

Bere aldetik, PPko Javier Garciak esan du ez duela ulertzen zergatik ez dion PSNk trabarik jartzen "asmo nazionalistari". "Zuen interesetara makurtuta zaudete, haien esku baitago zuek Gobernuan jarraitzea", esan die. Ildo horretan, Espainiako eta Nafarroako gobernuei leporatu die "nazionalisten eta kolpisten menpe egotea; horregatik belaunikatzen zarete haien xantaiaren aurrean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Parlamentua