Politika -

De Miguel auzia

Aitor Telleriak espetxe zigorra bete beharko du

Arabako Auzitegiak errefusatu egin du Arabako EAJko buruzagi ohi eta De Miguel kasuan kondenatuaren gaixotasunagatiko espetxeratze-etete eskaera, horren gaitzak “espetxean tratatu daitezkeelako”. Halaber, ezetsi egin du zigorraren betearazpena etetea indultu-eskaera izapidetzen den bitartean.

Aitor Telleria (ezk), epaiketan. EITB Media.
Aitor Telleria (ezk), epaiketan. EITB Media.
Aitor Telleria (ezk), epaiketan. EITB Media.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aitor Telleriak, De Miguel auzian zigortutako Arabako EAJko buruzagi ohiak espetxe zigorra bete beharko du, gaixotasunagatik espetxeratzea eteteko egindako eskaera ez baitu onartu Arabako Probintzia Auzitegiak, horren gaitzak "espetxe barruan tratatu daitezkeelako".

Auzitegiaren ustez, Telleriaren gaitzek ez dituzte betetzen Zigor Kodean aurreikusitako ezohiko etendura merezi izateko baldintzak; izan ere, magistratuek gogorarazi dutenez, gaixotasun horiek "oso murriztaileak" behar dute izan, "larriak eta sendaezinak", eta Telleriarenak ez dira horrelakoak. 

"Ikusi dugu zigortuak alegatutako pairamenetatik batek ere ez duela baldintza hori betetzen", dio autoak, eta horiek guztiak espetxe barruan tratatu daitezkeela adierazi du.

Gauzak horrela, sei urte, hilabete bat eta hamabost eguneko espetxe-zigorra bete beharko du, prebarikazioa, funts publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, elkartze ez-zilegia eta kapital-zuriketa delituengatik.

Halaber, Arabako Probintzia Auzitegiko Bigarren Sekzioak errefusatu egin du espetxe zigorraren betearazpena etetea indultu eskaera ebatzi arte. Indultu-eskaera ebazten den bitartean zigorraren betearazpena eteteko eskaerari dagokionez Auzitegiak adierazi duenez, "ez dago graziazko neurria eman dakiokeela pentsarazteko arrazoirik". Auzitegiaren arabera, "eskatzailea gertakari larriengatik kondenatu dute auzi honetan", "alderdi politikoaren barruan zuen kargu garrantzitsuaz abusatu du bidegabeko kontratazio publikoak egiteko, lurrak birkalifikatzeko, obra publikoak esleitzeko legez kanpoko komisioak ordaindu ondoren, eta beste batzuk gehiago", eta hori guztia, "bere boterea aprobetxatuz".

Magistratuen ustez, horrek guztiak "zaildu egiten du" eskatutako indultuak "aurrera egitea", ondorio horrek "Zigor Kodearen 4.4 artikuluaren arabera eskatutako etendura ukatzeko erabakia bermatzen du, eta ezarritako zigor askatasun-gabetzailea atzerapenik gabe bete beharko du".

Bi ebazpenen aurka errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Araba Delituak albisteak Epaiketak albisteak Ustezko ustelkeria politikoa Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea De Miguel Auzia