Politika -
SENATUA
Uxue Barkos Nafarroako senatari autonomiko hautatu dute
Izendatu berritan, Nafarroako presidentea izandakoak beregan jarritako konfiantza eskertu du eta nafar guztien alde lan egiteko konpromisoa agertu du.
AGENCIAS | EITB MEDIA
Nafarroako senatari autonomikoa da gaurtik Uxue Barkos Foru Ekidegoko presidente ohia eta Geroa Baiko burua. Ez da ezustekorik izan Nafarroako Parlamentuan egin den bozketan, eta exekutibo berria osatzeko akordioan jasotakoa bete da. Hala, Barkosek Foru Gobernua osatzen duten taldeen babesa jaso du, PSNren 11, Geroa Bairen 7 eta Zurekin Nafarroaren 3.
UPNko Juan Jose Echeverria parlamentariak ere aurkeztu du bere hautagaitza, senatari izateko, baina bere alderdiaren 18 boto eta PPren 3 bakarrik jaso ditu. Bozketan, EH Bilduko 9 ordezkariek eta Voxek 2ek zurian bozkatu dute.
Aurreko legealdian ere, Geroa Bairen esku egon zen senatari autonomiko kargua, eta Koldo Martinezen lekukoa hartuko du Barkosek. Izendatu berritan, beregan jarritako konfiantza eskertu du eta nafar guztien alde lan egiteko konpromisoa agertu du. "Konbentzituta, ilusioz eta ohore handiz" hartu duela kargua ziurtatu du.
Orain, Pablo Azkonak hartuko du Geroa Bairen bozeramaile izateko ardura Nafarroako Parlamentuan.