Politika -
Diada 2023
Turullek "inozotasunean ez erortzeko" deia egin du Estatuarekin negoziatzeko orduan
Junts alderdiko idazkari nagusiak ohartarazi duenez, bere alderdiak "ez dio ezeri uko egingo", Rafael Casanovaren monumentuaren aurrean egindako lore-eskaintzan. "Aldebakartasunari uko egitea nazioari uko egitea litzateke", gaineratu du.
Agentziak | EITB Media
Jordi Turull Junts per Catalunyako (JxCat) idazkari nagusiak Espainiako Estatuarekin "edozer gauza negoziatzeko orduan inozotasunean ez erortzeko" deia egin du. "Aldebakartasunari uko egitea nazioari uko egitea litzateke", gaineratu du prentsari egindako adierazpenetan, Rafael Casanovaren monumentuari Bartzelonan egindako lore-eskaintzaren ostean.
Carles Puigdemont presidente ohiak Pedro Sanchezen balizko inbestidura bati begira negoziazioa hasteko baldintzak ezarri ostean heldu dira hitz horiek, eta, horren harira, Turullek esan du PSOErekin "elkarrizketak" daudela, baina argitu du oraindik ez direla "mahai batean eseri" batzuek eta besteek "zer nahi duten esateko".
Nolanahi ere, argi utzi du Espainiako Estatuarekin egindako "edozein akordio egiaztagarria" izan beharko litzatekeela, eta Espainiako Gobernuak "aldez aurretik ordaindu" beharko lukeela, Kongresuko Mahaiaren osaketarekin gertatu zen bezala.
"Badakigu nor dugun aurrean", esan du Turullek, eta Estatuari "aurrean nor duen" argi uzteko deia egin du.
ERC eta Junts, mokoka
Kataluniak Diada eguna ospatuko du astelehen honetan, irailak 11, independentismoaren barruko erreminen ildotik eta Espainiako Gobernuko hurrengo presidentearen inbestidurarako negoziazioek baldintzatuta.
Iaz, Diadak agerian utzi zuen independentismoaren sektore bat haserre zegoela ERCk Estatuarekin elkarrizketak izatearen aldeko apustua egin zuelako, baina oraingoan JxCatekin dira mesfidati, ez baitizkio ateak itxi Pedro Sanchezen inbestidura negoziatzeari.
Parlamentuan ordezkaritza duten hiru alderdi independentistak (ERC, JxCat eta CUP) banatuta heldu dira, iazko urrian Juntsek Pere Aragonesen Kataluniako Gobernutik alde egitea erabaki ostean.
ERCk eta JxCatek oso antzeko jarrerak dituzte orain inbestiduraren aurrean, eta negoziatzeko prest daude, euren aldarrikapenik garrantzitsuenak aintzat hartuz gero, hala nola amnistia.
Hala ere, Kataluniako Asanblea Nazionalak (ANC) eragin du zatiketa. Horrek antolatu izan du irailaren 11ko manifestazioa, Kataluniako prozesua hasi zenetik, eta azken urteotan indarra galdu du independentziaren aldeko desmobilizazioaren ondorioz.
Bi manifestazio arratsaldean
Urtero legez, ANCk manifestazioa deitu du 17:14rako Bartzelonako erdigunean. Lau puntutatik abiatuko dira (Santseko geltokia, Ogasunaren egoitza, Justiziaren hiria eta Proa eskola), eta Espainia plazan bat egingo dute.
Bestalde, 18:00etan, Urquinaona plazatik abiatuko da CUPen eta ezker independentistako beste indar batzuen ohiko manifestazioa, eta Born auzoan amaituko da.