Politika -
Eskola-garraioa
Eskola-garraioko enpresak lizitatu gabeko ibilbideetan jardutera behartzen dituen agindua argitaratu dute
Jokin Bildarratzek zuzentzen duen Hezkuntza Sailak defendatu du erabaki hori, zerbitzua "ez dagoelako bermatuta" ikasturtea hastear dagoen honetan. Eskola garraioa eskaintzen duten autobus enpresek jada iragarri dute alegazioak aurkeztu dituztela EAEko Justizia Auzitegi Nagusian aginduaren aurka.
EITB MEDIA
Hezkuntza Sailak asteartean argitaratu du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) eskola-garraioko enpresek joan den ikasturtean kudeatu zituzten ibilbideetan zerbitzua ematera behartuko dituen agindua, ostiralean Jokin Bildarratz sailburuak iragarri bezala.
Aginduak astearte honetatik aurrera izango ditu ondorioak, eta, beraz, neurri horrekin bermatuko da ostegunean, hilaren 7an, hasiko den 2023-2024 ikasturtean ikasle guztiek eskola-garraioa izatea ikastetxeetara joateko; izan ere, errekerimendu hori nahitaez bete beharko dute iaz eskola-garraioaren ardura izan zuten operadoreek.
Sailburuak ostiralean neurria iragarri zuenean azaldu zuenez, enpresa horietako batzuen artean jardunbide "susmagarriak" eta ziurrenik "ez-zilegiak" antzeman zituzten, lehiaketetara ez aurkezteko erabakiaren atzean onura ekonomikoak lortzea zegoelakoan. Hori dela eta, Hezkuntza Sailak eskura duen informazio guztia Lehiaren Euskal Agintaritzari igorri dio, eta salaketa jarriko du Fiskaltzan, praktika horietan "delitu zantzuak" ikusita.
Ibilbideen % 31 bakarrik daude lizitatuta, baina alde nabarmenak daude lurraldeen artean: Gipuzkoan ibilbide ia guztiak (% 98) daude bermatuta, Araban % 5 bete dira eta Bizkaian ez da lizitaziorik egin.
Hutsik geratu ziren ibilbideek eskola-garraiorik gabe gera zitezkeen 10.000 ikasleri baino gehiagori eragiten diete, aginduan jasotakoaren arabera.
Horrela, astearte honetatik aurrera, enpresen konpainiek eta aldi baterako elkarteek aurreko ikasturtean egiten zituzten ibilbideetan eskola-garraioko zerbitzua eman beharko dute, Eusko Jaurlaritzak aginduta, "harik eta zerbitzu horiek barne hartuko dituen beste kontratu bat gauzatu arte".
Zerbitzuaren benetako kostua ordainduko zaie, baita % 6ko etekin industriala ere, indarrean dagoen legeriak ezartzen duen moduan.
Azken urteotan, eskola-garraioaren arazoa sarritan jarri da mahai gainean. Sektoreko enpresa-elkarteen ustez, Jaurlaritzak ezarritako baldintzek ez dute errentagarritasuna bermatzen. Joan den ikasturtean eskola publikoetako eskola-garraioa ere jomugan egon zen, eta eskolak hasi bezperan lortu zuten akordioa bi aldeek, % 24,1eko igoera hitzartuta.
Alegazioak
Eskola garraioa eskaintzen duten autobus enpresek, bere aldetik, jada iragarri dute alegazioak aurkeztuko dituztela EAEko Justizia Auzitegi Nagusian gaur indarrean sartu den aginduaren aurka.
Enpresen arabera, betebeharrak bai baina eskubideak ere badituzte, eta amaieraraino joango dira zerbitzua ahalik eta baldintza onenetan eman ahal izateko. Inposiziotzat jo dute Jaurlaritzaren agindua.