Politika -
Diputatuen Kongresua
PSOEk Armengol proposatuko du Kongresuko presidente izateko, eta Patxi Lopez mantenduko du bozeramaile gisa
Bestalde, Alderdi Sozialistak Guillermo Fernandez-Vara proposatuko du Senatuko presidenteorde kargurako.
AGENTZIAK | EITB Media
PSOEk Francina Armengol Balear Uharteetako Gobernuko presidente ohia proposatuko du Diputatuen Kongresuko presidente izateko. Hain zuzen ere, bihar egingo dute Behe Ganbera osatzeko eta Mahaiko kideak izendatzeko saioa.
Alderdi Sozialistatik azaldu dutenez, PSOEren Batzorde Federalak gaur egingo ditu proposamenak talde parlamentario sozialistaren bi organoek egingo duten bileran. Gainera, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente eta PSOEko idazkari nagusia talde parlamentarioarekin bilduko da, biharko egunari begira estrategia adosteko.
Testuinguru honetan, PSOEk gainerako alderdiekin negoziatzen jarraitzen du, Kongresuko Mahaian gehiengo ezkertiarra bermatu ahal izateko. Juntsen erabakiaren zain daude, helburu horretarako.
Bestalde, PSOEk Guillermo Fernandez-Vara Extremadurako Gobernuko presidente ohia proposatuko du Senatuko presidenteorde kargurako, eta Patxi Lopez eta Eva Granados mantenduko ditu Kongresuko eta Senatuko bozeramaile gisa.
Esther Gil eta Pisarello Mahaiko lehendakariorde eta idazkari
Gorteak osatzeko egun eskar falta den honetan, Yolanda Diaz Sumarreko buruak iragarri du bihar Esther Gil proposatuko duela Kongresuko Mahaiko presidenteorde izateko eta Gerardo Pisarello idazkari izateko, eskubideetan aurrera egingo duen Gobernu "hobeago bat" lortzeko itxaropenarekin.
Esther Gil de Reboledo Cadizeko zerrendaburua izan zen aurreko hauteskundeetan, independente gisa. Soziologoa eta Cadigenia enpresako bazkidea da berau, zeinak aukera-berdintasunari eta lan-ongizateari buruzko prestakuntza eta aholkularitza ematen dituen.
Bestalde, Gerardo Pisarello "beteranoa" da Mahaiko idazkari gisa; iza ere, aurreko legealdian ere postu hori bete zuen.