Politika -

U23ko hauteskundeak

Azken eguna posta bidez bozkatzea eskatzeko

2,4 milioi lagunek eskatu dute momentuz posta bidezko botoa ematea. Horietatik 480.000 pertsonak egikaritu dute dagoeneko boto eskubidea eta, gainerakoek uztailaren 20a arteko epea daukate horretarako.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostegun honetan, uztailaren 13an, amaituko da posta bidez bozkatzea eskatzeko epea. Hauteskunde hauetan erronka handiari egin dio aurre Correosek, posta bidez bozkatzeko eskaria esponentzialki hazi baita.

Comisiones Obreras sindikatuak emandako datuen arabera, 2,4 milioi hauteslek eskatu dute momentuz bozka horrela ematea. Sindikatuak azpimarratu du marka historikoa gaindituko dela oraingoan; izan ere, 2016ko hauteskunde orokorretan izan ziren 1,4 milioi botoren langa erruz gainditu da. 2019ko hauteskunde orokorretan posta bidezko bozka ez zen milioira iritsi.

Eskatzaileen % 20k, 480.000 hautesle inguruk, egikaritu dute dagoeneko boto eskubidea. Gainerakoek zortzi eguneko epea daukate, uztailaren 20ra arte, dokumentazioa jaso eta botoa emateko.

Correoseko zuzendaritzak adierazi du, posta bidezko bozkaren "eskaera kopurua altua" bada ere, zerbitzuko bulegoetan "normaltasun osoz" ari direla arreta ematen eta "legez jarritako epeak" betetzen ari direla. Sindikatuek, ordea, dokumentazioa banatzean atzerapen handia izaten ari direla salatu dute.

Posta bidezko bozka Correosen web zerbitzuan edota aurrez aurre bulegora joanda eska daiteke. Bi kasuetan nortasuna identifikatu beharko da. Dokumentazioa jasotzeko, berriz, ongi datorkion helbidea aukeratu dezake herritar bakoitzak eta Correoseko edozein bulegotan eman dezake botoa.

Bestalde, Alberto Nuñez Feijoo PPren hauteskunde orokorretarako hautagaia Correoseko langileei zuzendu zaie, eta posta bidez emandako botoak "goizez, arratsaldez eta gauez" entregatzeko deia egin die, "euren nagusiek esaten dutena esaten dutela ere". Adierazpenok polemika piztu dute, posta bidezko botoen inguruko zalantzak hauspotzea dakartelako.

Garcinuño inprimategiak azken 12 egunetan 16 orduz ditu makinak piztuta, boto paperak inprimatzeko
Garcinuño inprimategiak azken 12 egunetan 16 orduz ditu makinak piztuta, boto paperak inprimatzeko
Garcinuño inprimategiak azken 12 egunetan 16 orduz ditu makinak piztuta, boto paperak inprimatzeko

1:25
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Hauteskunde orokorrak Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Senatua Correosen bulegoak Núñez Feijóo azken ordukoa