Politika -
Arabako Errioxa
EAJ utzi zuten hiru zinegotziek alderdi berri bat sortu dute Bastidan
PPren gobernuari bide emateko EAJk Alkatetzarako hautagairik ez aurkeztea erabaki ostean, hiru zinegotziek alderdi jeltzalea uztea erabaki zuten. Lasa Bai plataforma berriak udalerria osatzen duten bi herrien izenekin jokatzen du: Bastida eta Buradon Gatzaga.
Agencias | EITB Media
Bastidako (Araba) EAJko hiru zinegotzi ohiek Lasa Bai izeneko tokiko alderdi berri bat sortu dute. Eusko Alderdi Jeltzaleak Alkatetzarako hautagairik ez aurkeztea erabaki ondoren, EAJ uztea erabaki zuten.
Joan den maiatzaren 28an PPk irabazi zituen udal hauteskundeak Bastidan, eta 4 zinegotzi lortu zituen. Hala ere, ez zuen lortu Alkatetza bermatzeko beharrezkoa zen gehiengo osoa, EAJk 3 lortu baitzituen eta EH Bilduk 2.
Koalizioa prest zegoen EAJri babesa emateko, PPk goberna ez zezan -duela 4 urte egin zuen bezala-, baina EAJren zuzendaritzak hautagairik ez aurkeztea erabaki zuen, eta erabaki horren ondorioz, Edu Barinaga EAJren zerrendaburuak dimisioa eman zuen.
Joan den ekainaren 17an, Udala eratzeko osoko bilkuran, EAJko hiru zinegotziek, Aintzane Prietok, Alain Quintanak eta Jose Manuel Cañok, alderdiaren erabakia onartu zuten, baina EAJtik "erabat" aldentzen zirela iragarri zuten.
Bastida "garrantzi politiko handiagoko udal eta aldundientzako trukerako txanpon bihurtu" zela salatu zuten orduan, eta EAJren zuzendaritzaren jarrerak "ezintasuna eta nazka" eragiten ziela.
Hiru aste geroago, hiru zinegotziek tokiko alderdi politiko berri baten sorrera bultzatu dute, Lasa Bai, udalerria osatzen duten bi herrien izenekin jokatzen duena, Bastida eta Gatzaga Buradon, Alain Quintanak azaldu duenez.
Gertuko beste auzo-plataforma batzuk hartu dituzte erreferentziatzat, eta "arrakasta-eredu" direla erakutsi dute, hainbat legealdi daramatzatelako beren udalerrietan gobernatzen, hala nola Zieko Bai Eltziegon eta Lapuebla aurrera, izen hori duen herrian.
Quintanak azaldu duenez, asmoa da "politika handia" herritik ateratzea eta jarrera ideologikoak alde batera utzita bizilagunak kezkatzen dituzten gaietan arreta jartzea.
Notarioaren aurrean alderdi bezala erregistratzeaz gain, plataforma berri honen bultzatzaileak izen honen pean talde bezala eratu dira herriko Udalbatzan.