Gizartea -

Elkarrizketa

Bingen Zupiria: "Tourrak ez zizkigun hiru egun eskainiko lehendik harreman sare bat egon izan ez balitz"

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak, Tourraren irteera txirrindularitza zaleentzako gozagarri izateaz gain, jende guztiarentzako festa izatea nahiko luke. Gatazkan diren Ertzainen azken adierazpenek arazorik egongo ez den bermea ematen dutela adierazi du.

Bingen Zupiria gaur, Euskadi Irratian.
Bingen Zupiria gaur, Euskadi Irratian.
Bingen Zupiria gaur, Euskadi Irratian.

Olatz Prat | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tourraren hasiera Euskadin izateak eta Tourrak Euskadiri hiru egun eskaini izanak erakusten du, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Jaurlaritzaren bozeramailearen esanetan, lehendik egin den lanaren tamaina. Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, "ez zen halakorik posible izango lehendik harreman sare bat egon ez balitz"; izan ere, "erakundeek halako nazioarteko gertakizun handiak ekartzen dituztenean, batez ere, kirol arlokoak, eskatzen dute aldez aurretik harremanak eta sare bat egotea". Horren haritik azpimarratu du nahiko lukeela "jendeak parte hartzea eta ondo pasatzea, eta bestetik, antolatzaileek gauzak ondo egitea". 

Txirrindularitzaren munduko hitzordu garrantzitsuena Euskadin hasi eta bertatik igarotzeak eragin bikoitza izatea espero du Zupiriak. Batetik, "nahiko nuke Tourra izatea festa handi bat; txirrindularitza zale denak hor aurkituko du egon daitekeen ikuskizunik hoberena, eta hain txirrindularitza zale ez denak edukiko du festa". Urtero euskaldun asko Tourraz gozatzera Pirinio eta Alpeetara joaten dela gogorarazi du, eta aurten etxe ondoan duela festa hori. Bestetik, Tourra Euskadira ekartzeak aukera ematen du, horren arabera, "jarduera fisikoaren garrantzia aldarrikatzeko, beharrezkoa delako ongi izateko eta bizimodu osasuntsua egiteko". Alde horretatik, gonbita dela esan du, "modu iraunkorrago batean bizikletaz ibiltzeko batetik bestera, edo ahal dugunean paseoak egiteko, burua eta gorputza zaintzeko". 

Antolakuntzari dagokionez, dena "ongi antolatuta" dagoela azpimarratu du, trafikoari dagozkion informazioak eta gomendioak zabalduta eta, hiriburuetatik kanpo, errepidean arreta berezia eskatzen duten puntuak (1.690 puntu, zehazki) identifikatuta eta boluntarioekin antolatuta. Batez ere astelehenean, lanerako orduetan trafikoan izan dezakeen eraginaren gainean galdetuta, Zupiriak azaldu du egin duten azterketaren arabera ez direla asko izango sartu eta irteteko arazoak izango dituzten enpresak. Nolanahi ere, errepide nagusiak zabalik izango direla azpimarratu du, eta besteak ez direla egun osoan itxita egongo, ez eta denak batera ere: "Herri bakoitzari tokatuko zaio 4-5 orduz inguruko errepideak itxita egotea Tourra bertatik pasatzen den garaian". 

Ostegunean Tourraren aurkezpena martxan zela, protestan diren ertzainen mobilizazioa izan zen handik gertu, eta, argi utzi zuten ez diotela Tourraren martxari eragozpenik jarriko eta arduraz jokatuko dutela. Zupiriak nabarmendu duenez, "ezin zen bestela izan. Lanean gaudenean, lanean gaude denok. Lan egiteko txandan gaudenean, errespetatu egin behar ditugu gure lanaren baldintzak, eta ez zaigu barkatzen hori ez egitea. Lehenago ere izan dira lan-gatazkak, tirabirak eta istiluak, baita Ertzaintzan ere, baina gauza bat da lanorduetatik kanpo ertzainek edo beste edozein profesionalek egiten dituen aldarrikapenak eta beste gauza bat da lanean gaudenean nola erantzuten diogun lan horri".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Frantziako Tourra Politika Istiluak Bilbon gaur Ertzaintza Eusko Jaurlaritza albisteak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Euskadi Irratia