Politika -
M28
Edu Barinaga EAJren Bastidako alkategaiak uko egin dio zinegotzi akta hartzeari
EAJko zuzendaritzarekin desadostasunak izan ostean etorri da erabakia. EAJk larunbateko saioan alkategairik aurkeztuko ez balu, PPko Daniel Garcia izango litzateke alkate.
EITB Media
Maiatzaren 28ko hauteskundeen ondotik, larunbatean osatuko dira udalak eta oraindik argitzeko dago zer gertatuko den zenbait udalerritan. Bastidan, Edu Barinaga EAJren alkategaiak uko egin dio zinegotzi akta hartzeari eta zerrendako hurrengoak ordezkatuko du.
ETBri eskainitako elkarrizketa batean azaldu duenez, Bastidako Udalean bere hautagaitza ez aurkezteko eskatu zion atzo Araba Buru Batzarrak, eta, eskari horrekin ados ez dagoenez, albo batera egin eta uko egitea erabaki du.
"Dimisioaren arrazoia helburuak aldatu direla da", gaineratu du.
EH Bilduk bere babesa eskaini dio EAJri, udal gobernua PPren esku gelditu ez dadin. Dena dela, EAJk alkategairik ez aurkeztea erabakitzen badu Daniel Garcia PPko ordezkaria izango da alkate.
"Ez ditugu lortu emaitza onenak"
Bestalde, Arabako EAJtik azaldu dute Bastidan ez dituztela lortu "emaitza onenak". Izan ere, jeltzaleek "bost puntu baino gehiago galdu dituzte, eta PP 9tik gora hazi da".
"Herrian ez dute begi onez ikusi hautagai independentearen alde egindako apustua", eta, horregatik, "zuhurrena oposizio eraikitzailea egitea eta egoera hurrengo deialdetan aldatzea da".
Zerrenda bozkatuena izan denari gobernatzen uzteko eskatu dio PPk EAJri, bide batez, Durangon, Gipuzkoako Batzar Nagusietan edo Gasteizen EAJ eta PSE-EEk aurkeztutako hautagaiaren alde egingo dutela gogoratuz.
Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan PPk 4 zinegotzi lortu zituen, EAJk, 3 eta EH Bilduk, 2.