Politika -
Nafarroa
Geroa Baik 'planto' egin die PSNri eta Zurekin Nafarroari Foru Gobernua osatzeko negoziazioetan
Geroa Baik azaldu duenez, bileran ez egotea "konfiantza galeraren" ondorio da, sozialistek ez baitiete aldez aurretik aldebiko bilera batera deitu alderdi bakoitzaren "zeregina" eta "lehentasunezko bazkide" izaera zehazteko.
EITB Media
Geroa Bai ez da joan Foru Gobernua osatzeko xedez gaur arratsaldean PSNrekin eta Zurekin Nafarroarekin egitekoa zen bilerara.
Batzarra hiru alderdien arteko lehena izango zen, eta 16:30erako deituta zegoen.
PSNren aldetik, Maria Chivite, Ramon Alzorriz eta Ainhoa Unzu bertaratu dira, eta Zurekin Nafarroarenetik, Begoña Alfaro, Carlos Guzman eta Daniel Lopez.
Dena dela, ikusita Geroa Baiko ordezkariak ez direla joan, hasiera eman diete bilerari sozialistek eta koalizio ezkertiarrekoek.
PSN eta Zurekin Zurekin "harrituta" agertu dira Geroa Bai ez delako bertaratu. Bilera amaitu ostean, Ramon Alzorriz sozialistak kazetariei esan die arrazoiak "ez dakizkiela", eta berretsi du Geroa Baik eman behar zuela azalpena, nahiz eta negoziazioaren etorkizuna "ez duen baldintzatzen".
Batzarrari buruz, sozialistak aurreratu du edukia ostiralean, Foru Parlamentuaren eraketan, Geroa Baik Parlamentuko presidenterako proposatzen duen hautagaia bozkatzeko lortutako akordioa betetzeari buruzkoa izan dela, "adostu genuen bezala".
Geroa Bai: "Chivitek joko arauak aldatu ditu partida erdian"
Geroa Baik azaldu duenez, bileran ez egotea "konfiantza galeraren" ondorio da, sozialistek ez baitiete aldez aurretik aldebiko bilera batera deitu alderdi bakoitzaren "zeregina" eta "lehentasunezko bazkide" izaera zehazteko.
Hori esan dute Maria Solana eta Pablo Azkona Geroa Baiko ordezkariek prentsaurreko batean. Geroa Baik azpimarratu du behin baino gehiagotan ohartarazi zutela PSNrekin soilik gai jakin batzuk finkatu behar zirela, hiruko negoziaziori ekin aurretik.
Geroa Bairentzat "errespetu falta" eta "presio neurria" izan da PSNk gaurko hiruko hitzorduari eutsi izana, nahiz eta esanda egon Geroa Baik astelehen edo astearte honetan "binako" bilera bat eskatzen zuela, eta horrela adostu zen Maria Chiviterekin, izan ere, "joko arauak aldatu ditu partida erdian".
"Konfiantzaz eta leialtasunaz ari gara", adierazi du Solanak, "mahaiaren beste aldean dugunaz fidatu ezinik hasten bagara, ezinezkoa da Nafarroako Gobernua adostea: edo behar besteko konfiantza ematen zaigu edo guztia gelditzen dugu", gaineratu. "Edo bideratzen dute edo konfiantza arazo larria dugu eta horrela ezin da negoziatu", ohartarazi du Solanak.
Hala ere, Pablo Azcona alderdikideak ohartarazi duenez, "Parlamentuko mahai aurrerakoi eta anitz baten alde, Gobernu aurrerakoi eta anitz baten alde eta udal aurrerakoi eta anitzen alde" egiten jarraitzen dute, eta "negoziatzeko prest jarraitzen du, baina konfiantzazko gutxieneko baldintzetan egin behar da". Horregatik guztiagatik, "Geroa Bairi emandako hitza bete dezala eskatzen diogu PSNri", erantsi duenez.