Politika -

M28

Gipuzkoan "gobernu zabala eratzeko" eskua luzatu die Iriartek EAJri, PSEri eta Podemosi

EH Bilduko Gipuzkoako ahaldungaiak ohartarazi duenez, "formula zaharrek jada ez dute balio, eta momentu honetan ezer ez dago idatzita Gipuzkoan".

Maddalen Iriarte EH Bilduko Gipuzkoako ahaldungaia. Argazkia: EH BILDU
Maddalen Iriarte EH Bilduko Gipuzkoako ahaldungaia. Argazkia: EH BILDU
Maddalen Iriarte EH Bilduko Gipuzkoako ahaldungaia. Argazkia: EH BILDU

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Batzuek eta besteak aulki jokoan ari diren bitartean, gobernu zabal eta aurrerakoia eratzeko" eskua luzatu du Maddalen Iriarte EH Bilduko Gipuzkoako ahaldungaiak. Larunbat honetan Gipuzkoako beste alkateekin izan da Iriarte, Arrasaten, eta han egin ditu adierazpen horiek.

"Astebete baino ez da pasa hauteskundeak irabazi genituenetik, eta nahikoa izan da batzuen eta besteen jarrerak argitzeko", adierazi du. "Kanpainan zehar gobernantza kolaboratiboaz eta jendearen bizitzak hobetzeko politiken inguruan aritzen ziren berdinak aulki jokoan hasteko minutu bat bera ere ez dute galdu", kritikatu du. Horren aurrean, "igandean herritarrek esandakoa entzun beharko lukete, formula zaharrek jada ez dute balio eta momentu honetan ezer ez dago idatzita Gipuzkoan", proposatu du Iriartek.

Gauzak horrela, "Gipuzkoan gobernu zabal eta aurrerakoia eratzeko eskua luzatua dugu, gutxieneko programa baten baitan egin nahi dugu gainera, hurrengo edukiekin: lurraldearen garapena, zaintza, ehun industrialaren sustapena, etxebizitza, garraioa, euskara eta kultura, politika fiskala eta Ipar Euskal Herriarekin harremana". Iriartek esan duenez, "mezua argia da: gipuzkoarren bizitzak hobetu eta Gipuzkoa lehen mailako herrialdea izan dadin lan egitea".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gipuzkoa EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Maddalen Iriarte Udal eta foru hauteskundeak 2023 Eae-ko udal eta foru hauteskundeak