Politika -

Espetxe-politika

"Salbuespen legeak behin betiko" desagertzeko eskatu du Etxeratek, "presoak etxerako bidea burutu dezaten"

Dispertsio politikaren amaiera ospatzeko Bilbon egindako ekitaldi batean Etxerat elkarteak adierazi duenez, "aro berri honetan, salbuespen legeak behin betiko desagertu behar dira, presoak, errefuxiatuak eta erbesteratuak etxera itzul dezaten".

Etxeratek Bilbon egindako agerraldia. Argazkia: EITB MEDIA
Etxeratek Bilbon egindako agerraldia. Argazkia: EITB MEDIA
Presoak ''etxeratzeko bidea'' abiatzea eskatu du Etxeratek ''legediak aurreikusitako ibilbidea jarraituz''

0:56

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAko presoen familiak eta senideak igande eguerdian bildu dira Bilboko Elkarbizitza Plazan, "berri on baten lekukotza ematera": dispertsio politikaren amaiera. Etxerat elkarteak azpimarratu duenez, "aro berria ireki da eta garbi dugu zer gelditzen den egiteko".

"Senitartekook gaur Bilbon adierazi nahi dugu presoak, errefuxiatuak eta erbesteratuak etxera itzultzeko prozesuak garrantzi handia duela, legeak aurreikusten duen ibilbidearekin adostasunean", adierazi du elkarteak.

"Salbuespen legeek behin betiko desagertu behar dute", gaineratu du, "gure senitartekoek etxera itzultzeko bidea burutu dezaten". Etxeraten iritziz, horrek "zalantzarik gabe, herri honetako bizikidetza eraikitzeko prozesuan aurrera egitera eramango gaitu".

Irakurritako agirian elkarteak azpimarratu duenez, "amaitu da, azkenik, horrenbeste sufrimendu eragin eta utzi digun aro luze hau". Dispertsioak iraun duen 30 urte baino gehiago hauetan errepidean hildako 16 pertsona, senide eta presoen lagunak gogoratu dituzte.

Bukatzeko, "horrenbeste denboraz eraman behar izan dugun motxila astuna arintzen lagundu digutenei" eskerrak eman dizkiete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo Presoak Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak