Politika -
Aberri Eguna 2023
"XXI. mendeko auziei so egingo dien herri-bulkada" sortzeko deia egin dute EH Bilduk eta EH Baik
Sortzen ari diren galdera berriei erantzunak sortzeko garaia dela uste dute alderdi abertzaleek, “beste norbaitek beste nonbaiten hartzen dituzten erabakien menpe dagoen herria” izanik.
EITB Media
Aurtengo Aberri Egunean etorkizuneko erronkei begira jarri dira EH Bildu eta EH Bai alderdi politikoak eta herritarrak deitu dituzte "XXI. mendeko auziei so egingo dien herri-bulkada" osatzera, sortzen ari diren galdera berriei erantzuteko garaia dela iritzita.
Zabaldu duten agirian diotenez, "Europa atarian gerra pizteraino heldu den mundu mailako krisi klimatiko, energetiko eta sozialaren agertokian", "beste norbaitek beste nonbaiten hartzen dituzten erabakien menpe dagoen" herria izaten jarraitzen du Euskal Herriak. Hori dela eta, "Demokrazia eta Soberaniaren aldarria zabaldu" nahi izan dute eta "gure beharrizanen araberako erabaki propioak hartzeko eskubidea" erdigunean jartzeko garaia dela azaldu dute.
EH Bildu eta EH Bairen iritzian, "herri bizia" da Euskal Herria, "askotariko pertsonez osatua, herri gisa ditugun auziei aurre egiteko beharrezkoa den ezagutza kolektiboa duena". Halaber, "Aberri Eguna hemen bizi eta lan egiten dugun guztion eguna dela" adierazi dute, baita" hemen bizi arren beste identitate batzuekin gehiago bat egiten dutenena" ere.
Aberri Eguneko ekitaldi nagusia Iruñean egingo du EH Bilduk igandean, apirilaren 9an eta Irlandako Sinn Feineko, ERC eta CUP alderdi katalanetako eta BNG alderdi galegoko ordezkariak izango dituzte alboan.
Horrez gainera, beste ekitaldi batzuetan parte hartzeko deia ere egin dute; hala nola, Donostiako Miramar jauregian apirilaren 8a egingo denean, eta baita asteburu osoan Itsasun Bagirak antolatuta egingo direnetan ere. Izan ere, Ipar Euskal Herrian mugimendu abertzalearen oinarri izan den Itsasuko Agiria-ren 60. urteurrena gogoratuko da.