Politika -
RADIO EUSKADI
Trafikoaren eskumena lortzea legealdiari "amaiera biribila" ematea litzatekeela esan du Chivitek
Eskumen horren negoziazioan "zailtasunak" dituztenik ez du ukatu Nafarroako Gobernuko presidenteak, baina elkarrizketak bide onetik doazela ziurtatu du. "Azken 20 urteotan baino gehiago aurreratu dugu autogobernuan legealdi honetan", esan du.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Nafarroak autogobernuan legealdi honetan lortutakoa nabarmendu du Maria Chivite Nafarroako presidenteak, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan. Zentzu horretan, hainbeste zeresan ematen ari den Trafikoaren eskumena ere lortzea legealdiari "amaiera biribila" ematea litzatekeela esan du. "Zailtasunak" aitortu ditu, batez ere "teknikoak", baina itxaropentsu agertu da gai horren inguruko negoziazioak "bide onetik" doazelako. "Presidente bezala ez nago prest edozein akordio ontzat emateko", aurreratu du.
Horren esanetan, Nafarroak autogobernuan ere azken 20 urteotan baino gehiago egin du aurrera, espetxeetako osasunaren eskumena eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren kudeaketa bereziki.
Bestalde, SATSE sindikatuak Nafarroan gaurko deitu duen protesta "hauteskunde aurreko giroan" ulertu behar dela uste du, gainerako "protesta guztiak bezala". Foru Gobernuak "akordiorako borondate irmoa" duela berretsi du, eta konponbidea "lehenbailehen" iristea espero duela erantsi du.
Azkenik, maiatzeko udal eta foru hauteskundeei buruz galdetuta, baztertu egin du EH Bildurekin inolako gobernu akordioa ixtea. Hori bai, orain arteko "akordio puntualen bidetik" lan egiteko prest agertu da, betiere, "Nafarroako herritar guztien onerako" denean.