Politika -
legeak
PSOEK 'bai bakarrik da bai' legea erreformatzeko proposamena aurkeztuko du, Podemosek babestu ala ez
PSOEtik adierazi dutenez, "testu serio eta zorrotz" bat prestatzeko lanetan ari dira, hori aurkeztu eta erregistratu ondoren "gainerako alderdi politikoen gehiengoaren babesa" lortzeko asmoz.
agentziak | eitb media
PSOEk "lehenbailehen" aurkeztuko du 'bai bakarrik da bai' legea erreformatzeko lege proposamena, "nahi gabeko ondorioei atea ixteko". Horretarako Unidas Podemos koalizio kideen babesa izatea espero du alderdiak.
Hala adierazi du Pilar Alegria PSOEko Hauteskunde Batzordeko bozeramaileak, eta argi utzi du inola ere ez dutela legearen "bihotza" ukituko, emakumearen baimena alegia.
"PSOEk lege proposamena aurkeztuko du, antzeman ditugun nahi gabeko ondorioei zenbait ukitu emateko eta horiek zuzentzeko", azkenaldian eman diren epaien aurrean, horiek aztertu ostean; edukiaren inguruko nondik norakoetan sartu gabe, "sexu erasotzaileen zigorrak areagotzetik" harago.
Alegriaren arabera, PSOE "testu serio eta zorrotz" bat prestatzeko lanetan ari da, eta Unidas Podemosen babesa izatea espero du. PSOEren asmoa da "baterako txosten adostu bat aurkeztu ahal izatea, behin aurkeztuta eta erregistratuta gainerako alderdi politikoen gehiengoaren babesa izango lukeena".
Hala ere, argi utzi du proposamena berdin berdin aurkeztuko dutela, kide minoritarioaren babesik izan ala ez, eta ukatu egindu erabakia arrazoi "elektoralistak" tarteko hartu izana.