Politika -
Elkarrizketa
Idoia Mendia: "Legealdiko hurrengo erronka enpleguaren legea da, Lanbide goitik behera aldatu nahi dugu"
"Enpresen eta Lanbideren arteko lotura sendotu nahi dugu, baita horien arteko komunikazioa berehalakoa izatea ere. Estreinakoz, formakuntzarako eskubidea bermatuko dugu", nabarmendu du.
LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA
Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburua Radio Euskadiko "Boulevard" saioan izan da astelehen honetan, non azken egunetan lerroburu diren zenbait gai hartu dituen hizpide. Halaber, 2023ko erronkak aurreratu ditu.
"Gure hurrengo erronka enpleguaren legea da. Lanbide goitik behera aldatu nahi dugu, enpresekin harreman sendoagoa izan dezan. Estreinakoz, formakuntzarako eskubidea bermatuko dugu, beharra duen pertsona orori horretarako aukera emateko", nabarmendu du.
Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) jasotzeko baldintzak aldatuko dituen legeari buruz galdetuta, Euskal Autonomia Erkidegoan duela 30 urte ezarritako sistema defendatu du, beste batzuentzat eredu izan dela iritzita. Dena den, Mendiak esan du beharrezkoa zela sistema hori berritzea: "Jende gehiagorengana iritsi behar ginen (pentsiodunak, desgaitasunen bat duten pertsonak, etxean adingabeak dituzten familiak, emakumeak...). Euskadi Europaren buruan dago".
Bestalde, kritika egin dio lege horren aurrean zenbait alderdik erakutsitako jarrerari, irakurtzeko lana ere hartu ez dutelako.
Azkenik, Lan eta Enplegu sailburuak aurreratu du Espainiako Gobernua inflazioari aurre egiteko neurriak prestatzen ari dela. "Horrekin asmo dute familiak babestea, baina ezin dut ezer gehiago esan, ikusiko dugu zer gertatzen den", bukatu du.