Politika -
Estatuko Aurrekontuak
Kongresuak gaur onartuko ditu Aurrekontu Orokorrak, EAJren, EH Bilduren eta gainerako bazkideen babesarekin
Hirugarren aldiz, kontuak aurrera eramateko babes nahikoa eskuratu du koalizio gobernuak.
Agentziak | EITB Media
Espainiako Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak 2023ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartuko ditu gaur, gehiengo zabalarekin onartu ere, 200 zuzenketa baino gehiago onartu baitizkiote testuari. Behe Ganberak onartuta, lege proiektuak Senatuan jarraituko du bere izapidetzea.
Oraingoz, koalizio gobernuak bermatuta ditu aldeko 174 botoak, alegia, testua gehiengo soilez onartu ahal izateko ("baietz"ak "ezetzak" baino gehiago izatea; izan ere, Alberto Rodriguez Podemoseko diputatu ohiaren aulkiak hutsik jarraitzen du, eta BNGk abstentziora joko du): PSOE (120), Unidas Podemos (33), EAJ (6), EH Bildu (5), PDeCAT (4), Coalición Canaria (2), Más País (2), Compromís (1) eta PRC (1).
Dena dela, litekeena da ERCk ere (13 ordezkari) egitasmoaren alde bozkatzea —hainbat zuzenketa onartu dizkiote—, eta, hala, baliteke azkenean 187 "bai" izatea.
EAJ izan zen testua babestuko zuela baieztatzen lehenetarikoa: aurrena, Kupoa berritzeko akordioa lortuta, eta gero, dozenaka zuzenketa partzial adostuta. Besteak beste, EAEko trenbide azpiegiturak hobetzeko 25 milioi euroko partidak, eta ikerketa+garapen eta berrikuntzan eta kulturan inbertsioak egiteko konpromisoa lortu dute jeltzaleek.
EH Bilduk, bestalde, asteartean baieztatu zuen bere baietza. Koalizio subiranistak nabarmendu zuenez, hainbat akordio itxi dituzte, tartean, 2023ra arte luzatzea % 2ko muga alokairu-errentak eguneratzeko, eta kotizazio gabeko pentsioak % 15 igotzea 2023an ere.
Eztabaida 09:00etan abiatuko da, baina arratsaldera arte, ez dute bozketa egingo.