Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Guggenheim Fundazioak "begi onez" ikusten du Urdaibairen proiektua, Rementeriaren esanetan
Bizkaiko ahaldun nagusiaren aburuz, proiektuak "oinarrizkoa den jasangarritasuna" du ezaugarri. EAJren hautagai ez izateko erabakiaz, "politikaren lehen lerrotik aldentzea" ebatzi duela argitu du, Aldundian 10 urtez egon baita.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiaren ustez, Solomon R. Guggenheim Fundazioak "begi onez" ikusten du Urdaibain museoa zabaltzearen proiektua. Bilboko museoaren 25. urtemugaren ospakizunetan proiektu horri buruz hitz egiten ari ez direla aitortu duen arren, Bizkaiko ahaldun nagusiak azpimarratu du proiektua bigarren plano batean dagoela, baina "ondotxo" ezagutzen dutela Fundazioko kideek, eta ondo hartu dutela ezaugarri baitu "oinarrizkoa den jasangarritasuna", horren hitzetan.
Besteak beste, "Muruetako ontziolaren industria astuna edo Dalia lantegia birgaitzea eta egungo trena tren elektriko bihurtzea" aipatu ditu jasangarritasun adibide gisa.
EAJren hautagai izango ez zela iragarri zuenetik lehen elkarrizketa eskaini du Rementeriak Radio Euskadiko "Boulevard" saioan. Horren harira, azaldu du 10 urte daramatzala foru erakundean, horietatik zortzi, ahaldun nagusi bezala. "Politikaren lehen lerrotik aldentzea erabaki dut", nabarmendu du. Adierazi duenez, "ona da aire freskoa sartzea, Bizkaiak aurrera egiten jarrai dezan", eta Elixabete Etxanoberen profila balioan jarri du: "Ez bakarrik emakumea delako, baizik eta pertsona bikaina delako, eta profesional aparta".
Azkenik, legegintzaldiko proiektu izarra defendatu du, ibaiaren azpiko tunela. Argitu duenez, "zirkulazioa metropolitik ateratzea" du helburu 420 milioi euroko aurrekontua duen proiektuak. "Hirietan garraiobide publikoz, bizikletaz eta oinekin bakarrik mugitzeko, trafikoa atera behar dugu, hiriaren bihotza libratu. Izan ere, autoak egon egongo dira, izan elektrikoak edota hidrogenozkoak", arrazoitu du.