Politika -

EH BILDU

EH Bilduk gerra gelditzeko deia egin du krisi ekonomiko eta energetikoa iraultzeko

Ikasturte politikoaren hasieran, Arnaldo Otegik salatu du elite politiko eta ekonomikoek gerra luzatzeko interesa dutela. Halaber, krisi klimatikoari egiturazko neurriekin aurre egitearen alde agertu da, eta euskal subiranotasuna defendatu du etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

EH Bilduren Mahai Politikoaren bileran. Argazkia: EFE
EH Bilduren Mahai Politikoaren bileran. Argazkia: EFE
EH Bilduren Mahai Politikoaren bileran. Argazkia: EFE

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduren Mahai Politikoak bilera egin du gaur Donostian, egoera politikoa aztertu eta urte politiko hasieran aurre egin beharreko erronkak zerrendatzeko, besteak beste, gerra eta krisi ekonomikoa iraultzea, krisi klimatikoari aurre egitea, eta euskal erakundeen subiranotasuna bultzatzea, bai eta herritarren ongizatea eta eskubideak bermatu eta aberastasuna banatzeko neurriak eta politikak sustatzea ere.  

Arnaldo Otegi alderdiko koordinatzaile nagusiaren arabera, "udak berretsi egin ditu azken urteotan euskal herritar guztiekin partekatu ditugun hausnarketak".

Hedabideen aurrean egindako hitzaldian adierazi duenez, "Ukrainako gerra luzatzearen alde egiten duen hegemonia geopolitiko eta militarra lortzeko mundu mailako lehia dago". "Udazkenerako prestatzeko esaten digute, gogorra izango dela esaten digute, baina ez digute esaten zein diren horren atzean duden arrazoiak", ohartarazi du, eta adierazi du koalizioa ez datorrela bat gertaeren erantzule bakarra Putin izatearen ideiarekin. "Gerra eta lobby energetikoen estrategiak dira jasaten ari garen tentsio inflazionisten eragile nagusiak, eta horrek gure soldaten eta pentsioen debaluazioa eragiten du", adierazi du.

Adierazi duenez, gerra eta atzeraldi ekonomikoa ez dira konponezinak, eta, haren hitzetan, "EH Bilduk ez du onartzen atzeraldi ekonomikoa eta energia krisia saihestezinak diren markoa. Atzeraldi hori mundu mailako hegemonia politiko eta militarraren aldeko xake geopolitikoko pieza gisa instrumentalizatzearen ondorio da, gerra mantendu eta luzatzearen aldeko apustua egiten dutenena". 

Errusiaren inbasioaren aurrean, koalizioaren "gaitzespen irmoa" berretsi du; halaber, "AEBk inposatutako eta EBk onartutako estrategia militarista" arbuiatu du. Hain zuzen ere, Europar Batasunaren autonomia estrategikoa berreskuratzeko eta Nazio Batuak gatazkak konpontzeko esparru bakar gisa bultzatzeko eskatu du. "Gerra gelditu, eta irtenbide politikoak eta diplomatikoak bilatu behar dira", azpimarratu du.

Arnaldo Otegi eta Maddalen Iriarte. Argazkia: EFE

EH Bilduk, halaber, naturaren babesari eta krisi klimatikoari buruzko ituna berritzeko beharra azpimarratu du. "Klima aldaketaren ebidentzia ukaezinak egiturazko neurriak behar ditu gure mugikortasun-, ekoizpen- eta kontsumo-ohituretan" ohartarazi du. "Gure kontsumo- eta ekoizpen-ereduak errotik aldatu ezean, klimaren eta zibilizazioaren kolapsoa izango ditugu ezinbestean". Zentzu horretan, gogorarazi du "kapitalismoak arriskuan" jartzen duela "planetaren eta bere espezie guztien bizitza", eta horregatik gaineratu du aldaketa klimatikoari irtenbide erreformistarik ezin zaiola eman.

Egun, euskal gizarteak bizi duen "salbuespen politiko eta sozioekonomikoaren" aurrean, koalizio abertzaleak, beste behin ere, euskal instituzioen subiranotasunaren alde egin du, eta gaineratu, "gero eta premiazkoagoa" dela "arlo soziolaboralean, ekonomikoan eta energetikoan tresna politikoak izatea".

Arlo ekonomikoari dagokionez, koalizioak "Euskal langileen gehiengo sozialaren soldaten eta pentsioen etengabeko debaluazioa eragotziko duten" neurriak bultzatzea du helburu. Energiaren edo higiezinen sektoreetan esku hartzearen alde agertu da, herritarren ongizatea eta eskubideak defendatzeko, energia eskuratzeko eskubidea eta etxebizitzarako eskubidea, besteak beste.

Otegik uste du energia konpainien gaineko zerga bezalako neurriek ez dutela "koiunturazko neurri aringarri eta egiturazkoak izan behar", eta energiaren eta higiezinen sektoreetan esku hartzeko eskatu du, "iparra galduta daudelako eta ez dietelako jendearen beharrei erantzuten".

"Alokairuen prezioak mugatu behar dira, eta jendeak etxea izatea helburu izango duen etxebizitza-politika egin behar da", adierazi du, eta gaineratu du Josu Jon Imaz Repsoleko CEOak zergei buruz egindako adierazpenek ez dutela harritzen, jarrera horrek "Ayusismo politikoarekin eta aberastasuna ez banatzeko politikekin nolabaiteko egokitzapena islatzen duelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Politika EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra Energia aurreztea Energia gaur