Politika -
Gernikako Estatutua
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak ez dute transferentzien egutegian aurrerapausorik eman
Gernikako Estatutua betetzeko Espainiako Gobernuaren benetako borondatearen inguruan "eszeptizismoa" azaldu du Olatz Garamendi Autogobernu sailburuak. Lege organikoa duela 43 urte onartu zela gogorarazi du.
Agentziak | EITB Media
Isabel Rodriguez Lurralde Politikako ministroak eta Olatz Garamendi Autogobernu sailburuak ez dute transferentzien egutegian aurrerapausorik eman. Rodriguezek "protokolozko" bilera izan dela adierazi du.
Olatz Garamendi Autogobernu sailburuak, aldiz, Gernikako Estatutua betetzeko Espainiako Gobernuaren benetako borondatearen inguruan "eszeptizismoa" azaldu du. Gainera, lege organikoa duela 43 urte onartu zela gogorarazi du.
Rodriguez Jose Manuel Albares Atzerri ministroarekin batera etorri da Bizkaira, Europar Batasunarekin zerikusia duten gaien konferentzian (CARUE) parte hartzeko; izan ere, Espainiak EBko presidentetza hartuko du 2023ko bigarren seihilekoan. Bi agintariak erkidegoetako ordezkariekin bildu dira.
Olatz Garamendi sailburuak azaldu duenez, Euskadira egin beharreko bisita aprobetxatuz, ministroari biltzea proposatu zioten, eskumenen transferentzia prozesuko "paralisia" argitu nahian; izan ere, Jaurlaritzak eta Pedro Sanchezen Gobernuak egutegia aspaldi adostu zuten.
Hala ere, ministroak "protokolozko" batzarra izan dela esan du komunikabideen aurrean. Sailburuarekin "harreman aparta" duela eta "etengabe lanean" ari direla ziurtatu du Rodriguezek.
"Protokolozko bilera izan denik ez dut uste", adierazi du Garamendik. Sailburuaren hitzetan, Eusko Jaurlaritzak "urtarrilean proposamen batzuk egin zituen, baina ez dute erantzunik jaso". Horregatik, "berarekin bildu naizen aurreneko aldian, espresuki eskatu diot", gaineratu du Garamendik.
Negoziazioan aurrera egiteko proposamenik ez ekartzea aurpegiratu dio sailburuak ministroari. "Argudio juridikoen bidez, gaiari ez heltzeko borondatea ezkutatzen ari direla uste dut", adierazi du.
"Erantzunik jaso gabe hainbat hilabete eman ondoren, eszeptizismoa nagusi da", nabarmendu du. Hala ere, "gertakariak iritziz aldatzen laguntzea espero dut", erantsi du. "Emandako hitza" betetzeko "borondate falta" leporatu dio Espainiako Gobernuari.
Garamendiren esanetan, orain arte Pedro Sanchezen Gobernuak "argudio juridikoak" erabili ditu, baina transferentzia bakoitzaren kudeaketa "nola gauzatzen den ikusteko negoziazioa" beharrezkoa da, hain zuzen ere.
Sailburuak ziurtatu duenez, udaren ostean kostaldeen eta migrazioaren kudeaketaren inguruan hitz egiteko konpromisoa hartu zuen ministroak, eta, baliteke, urrian aldiriko trenen transferentzia itxita izatea, "baina ez du gehiago zehaztu".