Politika -

PSOE

Sanchezek, gas-murrizketaren gainean: "Ez dugu eztabaidarik gabeko inposaketarik onartuko"

Maria Jesus Montero, Pilar Alegria eta Patxi LopezEen PSOEren goi-kargu berriak berretsiko ditu gaur PSOEren Batzorde Federalak, eta han egin ditu adierazpen horiek PSOEren idazkari nagusiak.

Pedro Sanchez, PSOEko Batzorde Federalean. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez, PSOEko Batzorde Federalean. Argazkia: EFE
Gas-kontsumoaren murrizketaren Bruselako planari ezetz esango diola berretsi du Sanchezek

01:25

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gas-kontsumoa murrizteko Europako Batzordeak egindako proposamena errefusatu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, esanez Espainiak ez duela "eztabaidarik gabeko inposaketarik onartuko, industria sektoreari kalte egingo ziolako, eta inorentzako onura argi barik".

Horrela mintzatu da Sanchez PSOEren Batzorde Federalaren bileran egindako hitzaldian. Martxora bitartean gas-kontsumoaren % 15eko murrizketa boluntarioak proposatu ditu Europako Batzordeak. "Eraginkorrak ez diren inposatutako neurrien aurrean, Espainiako interesak defendatuko" dituela iragarri du Sanchezek, eta datozen egunetan "Europaren aldeko akordio orekatua lortuko" dutela sinetsita dago.

Sanchezek azpimarratu duenez, Europar Batasuneko herrialde guztiei gasa bermatzeko "elkartasun eta batasun oinarriekin bat egiten du Espainiak", izan ere, "dagoeneko egiten ari gara, Frantziarekin eta Portugalekin gure gasa partekatzen ari garelako".

Zuzendaritza berria

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak izendatutako goi-kargu berriak berresteko ezohiko eta premiazko Batzorde Federala egingo du larunbat honetan Alderdi Sozialistak. Batzorde Federalaren aurretik, PSOEko Exekutiba bilduko da.

Aurreko egunetan Pedro Sanchezek ezagutzera eman duenez, Maria Jesus Montero Ogasun eta Funtzio Publikorako ministroak Adriana Lastra ordezkatuko du alderdiaren "bigarren" buruzagi karguan; Pilar Alegria Hezkuntza eta Lanbide Profesionalerako ministroak Felipe Sicilia ordezkatuko du Exekutiba Federalaren bozeramaile gisa; ETA Patxi Lopez diputatuak eta lehendakaria PSOEren bozeramaile berria izango da Diputatuen Kongresuan.

Duela urtebete baino gutxiago Sanchezek alderdian burututako aldaketa batzuk zuzendu ditu orain. Orduan Exekutibako bozeramaile Felipe Sicilia izendatu zuen (bederatzi hilabete izan da karguan). Kasu bera da Hector Gomezena, urtebete baino gutxiago pasata, aterako baita zuzendaritzatik.

Alderdiaren buruzagi berrien izen-abizenak ostegun honetan jakinarazi zituzten. Arrazoi pertsonalak tarteko, eta laneko baja luzea izango duelakoan, Adriana Lastra PSOEko idazkariorde nagusiak emandako dimisioak eragin zituen PSOEko zuzendaritzan aldaketa horiek.

Bestalde, PSOEren Batzorde Federalera iristean, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak adierazi du alderdi sozialistan izandako izendapen berriek PSOEren proiektu berriari "eutsi" egiten dietela, eta azpimarratu du Patxi Lopez "erreferente moral eta politikorik handienetarikoa" dela.  

2023ko udal hauteskundeak eta autonomikoak

Bestalde, 2023an izango diren udal hauteskundeak eta autonomikoetarako hautagaiak aukeratzeko primarioak abiatu ditu PSOEk larunbat honetan. Hautagaitzak irailaren 19aren eta 20ren artean aurkeztu beharko dira, eta lehenengo bozketa urriaren 9an izango da. Batzorde Federalaren aurrean Pedro Sanchezek azpimarratu duenez, PSOEren asmoa hauteskundeak irabaztea da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Patxi Lopez Aldaketa PSOEn Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak