Politika -

FRANTZIAKO HAUTESKUNDEAK

Pirinio Atlantikoetan parte-hartzea % 45,77koa da 17:00etan, lehen itzulian baino 5 puntu baxuagoa

Frantziako hauteskunde legislatiboen bigarren itzulian, liberalen eta Nupes ezkerreko koalizioaren arteko lehia espero da. Iparraldeko hautesbarruti guztietan, hautagai horien artean dago zalantza, hain zuzen. Beste alderdietako boto-emaileek izan dezakete giltza.

Igandeko hauteskundeen prestaketa. Argazkia: EITB Media
Igandeko hauteskundeen prestaketa. Argazkia: EITB Media
Igandeko hauteskundeen prestaketa. Argazkia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Asanblea Nazionalerako bozen bigarren itzulia egingo da gaur eta, Ipar Euskal Herrian, laugarren hautesbarrutian espero da lehiarik estuena. Izan ere, bi puntuko aldea bakarrik atera zion Emmanuel Macronen aldeko hautagaiak NUPES ezkerreko koalizioko hautagaiari. Horregatik, beste alderdietako boto-emaileek izan dezakete giltza.

08:00etan zabaldu dituzte hauteslekuak, eta 18:00ak arte izango dute Lapurdiko, Behe Nafarroako eta Zuberoako herritarrek botoa emateko aukera. Frantziako Gobernuak zabaldutako datuen arabera, parte-hartzea jaitsi egin da Pirinio Atlantikoetan—Ipar Euskal Herria eta Bearno batzen dituen departamentua—: 17:00etarako herritarren % 45,77k eman dute botoa, eta, beraz, aurreko itzuliko datuekin alderatuta, bost puntu egin du behera parte-hartzeak. 12:00etan, parte-hartzea % 25,53koa izan da,  lehendabiziko itzulian baino 4 puntu gehiago eta 2017ko bozetan baino 7 gehiago. 

Ezkerreko programa defendatzen du NUPES alderdiak. Beste gai batzuekin, ordea, lurraldeen berezitasunarekin eta euskararekin, esate baterako, zentralistak direla leporatu izan zaie; besteak beste, Hizkuntzen Ondarea Babesteari eta Sustatzeari Buruzko Legearen—"Molac legea" bezala ezagunagoa"— kontra bozkatu zuten.

Hautagairik bozkatuenak, hautesbarrutika

Lehen itzulian, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen aldekoak izan dira bozkatuenak Ipar Euskal Herrian, eta NUPESeko hautagaiekin lehiatuko dira gaurko hitzorduan.

Ondorengoak dira, barrutika, lehen itzuliko emaitzak (letra beltzez, bigarren itzulirako sailkatu zirenak):

4. hautesbarrutia: Barnealdea eta Bearnoko zati bat hartzen ditu. Geografikoki, barruti handiena da baina landa-eremua da eta biztanlez txikiena. 80.672 bozkatzaile ditu eta 9 hautagai aurkeztu dira.

- Urrutikoetxea, Egoitz (EH Bai): % 10,03- Lassalle, Julien (Resistons!): % 20,27- Trounday, Annick (Ensemble): % 26,65- Echaniz, Iñaki (NUPES): % 24,07- Lopez, Sylviane (Rassemblement National): % 11,61

 5. hautesbarrutia: Baiona, Angelu... hartzen ditu, Bidaxunerria, Amikuze eta Oztibarre kantonamenduraino. 98.913 bozkatzaile ditu eta 11 hautagai aurkeztu dira.

- Pereira-Ostanel, Sandra (NUPES): % 25,14- Hary, Mathilde (EH Bai): % 8,95- Lasserre, Florence (Ensemble): % 33,98- Lesellier, Pascal (Rassemblement National): % 13,89

6. hautesbarrutia: Lapurdi kostaldea hartzen duen barrutia, barrualdean Itsasuraino sartuz. Barrutirik jendetsuena da. 105.134 bozkatzaile ditu eta 12 hautagai aurkeztu dira.

- Dubois-Robin, Tom (Nupes): % 19,5- Dufau, Peio (EH Bai): % 14,5- Soubelet, Bertrand (Divers Droite): % 5,86- Bru, Vincent (Ensemble): % 28,5- Becker, Monique (Rassemblement National): % 9,8

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Iparraldea albisteak Frantzia berriak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Hauteskundeak Frantzia Hauteskundeak