Politika -

Hauteskundeak Andaluzian

Galderak nagusi gauerdian Andaluziako hauteskunde kanpaina hasteko atarian

Andaluziako presidente izateko hautagai diren sei zerrendetako kideak prest daude kanpainari ekiteko. CISen datuen arabera, PPk gehiengoa lortuko luke, baina babesak beharko lituzke gobernatzeko; eszenatoki probableena PP-Vox itunarena da, Morenok, baina, argi ditu marra gorriak.

Juanma Moreno (PP), egungo presidente eta hautagai nagusia. EFE
Juanma Moreno (PP), egungo presidente eta hautagai nagusia. EFE
Juanma Moreno (PP), egungo presidente eta hautagai nagusia. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur gauerdian hasiko da Andaluzian ekainaren 19ko hauteskundeetarako kanpaina, aurkeztutako sei hautagaitzetatik aterako da hurrengo Gobernua. Kanpaina hasteko atarian asko dira galderak, hala nola egoera nazionalak hauteskundeetan izango duen eragina, krisi ekonomikoaren eragina, edo 2018an abstentzioaren alde egin zutenen edo Ciudadanosen alde bozkatu zutenen botoa nora joango den, azken honen gainbehera ziurtzat jotzen baita.

Inkesta guztiek gehiengo zabala ematen diote Juanma Moreno egungo Juntako presidente eta PPko hautagaiari. Hain zuzen ere, CISek (Ikerketa Soziologikoen Espainiako Zentroa) gaur eguerdian argitaratutako inkestaren arabera, PPk Andaluziako Parlamentuko 109 eserlekuetatik 47 eta 49 artean izango lituzke, eta, beraz, Voxek lortutako 17-21 eserlekuak beharko lituzke hemizikloaren erdia lortzeko. Elkartuz gero, 64 eta 70 eserleku artean lortuko lituzkete.

Ezkerreko alderdiek, PSOE (32-36), Por Andalucía (9-10) eta Adelante Andalucía (2) batuta, 43 eta 48 eserleku artean lortuko lituzkete gaur gaurkoz, gobernatzeko nahikoak ez direnak.

Ciudadanos 21 eserleku izatetik 1-3 edukitzera pasako litzateke eta Jaen Merece Más herri plataformak eserleku bat lortzeko aukera izan dezake.

Gaztela-Leonen lortutako paktuaren ildotik, Legebiltzarrean gehiengo osoa lortzeko beharrezkoa den PP-Vox ituna da aukerarik probableena. Moreno ez dago guztiz konbentzituta eta horregatik, boto sozialista atsekabetua ere eskatu. Popularrak ez du baztertzen hauteskundeak errepikatzea, Voxek eskaera "onartezinak" egiten baditu, eta dagoeneko "marra gorriak" markatu dizkio: Autonomia Estatutua eta genero-indarkerian eta klima-aldaketaren aurkako borrokan "atzerapausorik" ez ematea, esaterako. Espero liteke Alberto Nuñez Feijoo PPren idazkaritza nagusira iristeak ere nolabait eragitea.

Juan Espadasen PSOE Susana Diazekin galdutako 400.000 botoak berreskuratzen saiatuko da, baina inkestek ez dute susperraldirik iragartzen, orain duen eserleku kopuruari eutsiko lioke. 

Gakoetako bat Voxen emaitza izango da, Macarena Olona buru duela; ikusi beharko da "Olona efektu" bat sortzen den, herritarren sektore bat Voxi botoa ematera animatzen duena, ala, aldiz, eskuin muturra Gobernuan sartzeko aukerak beldurra eragiten duen, bi erreakzio posible eraginez: batetik, ezkerreko abstentzionistak mobilizatzea, eta, bestetik, Morenok bakarrik gobernatzea hobe dela pentsatzen dutenen botoak PPra desbideratzea.

Inkestek ziurtzat jotzen dute Ciudadanosen porrota eta, hain zuzen ere, haren 21 eserlekuak bereganatu nahian ariko dira alderdi guztiak. Hasiera batean, badirudi eserleku horiek ia guztiak PPra itzuliko direla, baina boto-emaile sozialistak ere espero dira, bai eta alderdi handiekin gustura ez dauden herritarren botoak Vox-era joatea ere. 

Azken hilabeteotan zenbait zatiketa eta batura ostean, ezkerra bi zerrenda nagusitan iritsiko da hauteskundeetara. Batetik, Coalicion por Andalucía koalizioa, Inmaculada Nieto (IU) buru duena, Podemosekin eta Mas Paisekin batera, nahiz eta alderdi morea ofizialki kanpoan egon, berandu iritsi zirelako. Gainera, hautesleek Adelante Andalucíako boto-txartelarekin egingo dute topo, Teresa Rodriguez buru dela (Podemoseko aurreko liderra).

candidaturas andaluzas.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Politika PSOE PP Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Vox