Politika -

pp-ren batzarra madrilen

Ayuso "erreferente nazionaltzat" jo du Iturgaizek, eta Euskadin bere politika ekonomikoak jarraitzera deitu

Euskadiko PPko burua PPren Ezohiko Batzar Autonomikoan izan da larunbat honetan, eta Madrilgo popularren presidentearen politika ekonomikoak zein "askatasunaren defentsa" laudatu ditu.

Carlos Iturgaiz, Euskadiko PPko presidentea. Artxiboko argazkia: EITB Media
Carlos Iturgaiz, Euskadiko PPko presidentea. Artxiboko argazkia: EITB Media
Carlos Iturgaiz, Euskadiko PPko presidentea. Artxiboko argazkia: EITB Media

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko burua Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko eta Madrilgo PPko presidente berriaz aritu da larunbat honetan. Haren aburuz, "erreferente nazionala" da eta, bere politika ekonomikoak eta "askatasunaren defentsa" laudatu ostean, horiek Euskadin ere aplikatzeko deia egin du.

Iturgaiz Madrilgo Erkidegoko PPren XVII Ezohiko Batzar Autonomikoaren amaieran mintzatu da larunbat honetan. Diaz Ayuso Madrilgo popularren presidente izendatu dute bertan.

Sare sozialen bitartez, euskal popularren liderrak baietsi du Ayuso "erreferente nazionala" dela, "haren politika ekonomikoak eta askatasunaren defentsa jarraitu beharreko ereduak direlako; Euskadin bereziki, non EAJk zergak igotzen dituen eta derrigorrezko nazionalismoak askatasuna itotzen duen".

Gainera, hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, adierazi du Genova ez dela Euskadiko Batzarra atzeratzen ari, eta lehenbailehen izatea espero duela, popularrak "batasun" egoera bizitzen ari baitira EAEn.

Dena dela, ez du argitu nahi izan batzar prozesura aurkeztuko ote den edo ez, Euskadiko PPko presidente gisa berretsi dezaten. "Nuñez Feijook egindakoa egingo dut nik, egin beharrekoa, alegia. Batzarra deitzen dutenean hitz egingo dut. Izan ere, deituta ez dagoen bitartean, ezin da erabakirik hartu, Alderdi Popularreko kideei zor zaien errespetua dela eta", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Albisteak Alderdi Popularra Euskadiko PP Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Madril albisteak gaur Carlos Iturgaiz azken ordukoa