Politika -
Diputatuen Kongresua
Sanchez Kataluniako elkarrizketa mahaia berreskuratzeko prest, espioitzaren eskandaluaren ostean
Mertxe Aizpurua EH Bilduk Kongresuan duen bozeramaileak Espainiako presidenteari eskatu dio gehiengo progresista berreskuratzeko lan egin dezala, "herritarren mesederako", bai eta "Estatuaren benetako demokratizazioa" bultzatzeko ere.
O. P. | EITB Media
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea prest agertu da asteazken honetan Kataluniako elkarrizketa mahaiaren bilera bat deitzeko, Pere Aragones Generalitateko presidenteak egoki irizten dionean. Izan ere, azpimarratu du Gobernuaren elkarrizketaren aldeko apustua "erabatekoa eta irmoa" dela adierazi du.
Hala adierazi Sanchezek Kongresuko osoko bilkuraren kontrol saioan, Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramaileak egindako galdera bati erantzunez. Mertxe Aizpuruak inbestidurako gehiengoa berreskuratzeko eskatu dio, Pegasus sistemaren bidez ERCko eta Bilduko politikari independentistei (biak inbestidurako bazkideak) espioitzak eragindako polemikaren ostean gehiengo hori "kolokan" dagoela uste baitu.
"Hori ez da ona Gobernuarentzat, ez da ona egonkortasunerako, baina batez ere ez da ona gehiengo sozial eta langilearentzat. Gehiengo aurrerakoi hori gabe, herritarren eskubide eta askatasunetan aurrera egitea arriskuan egongo da", azpimarratu du Aizpuruak.
Sanchezi zuzendutako hitzetan, Aizpuruak azpimarratu du "milioika pertsona ziurgabetasunera bultzatu dituen krisiaren erdian, gure eta zure erantzunkizuna jendeari ziurtasunak ematea" dela, eta "inor atzean utziko ez dituzten legeak egitea".
EH Bilduko bozeramaileak "gehiengo aurrerakoia berreskuratzeko eta indartzeko" borondatea agertu du, "herritarrei euren bizitzetan hobekuntzak eskaintzen jarraitzeko". Horren ostean, Sanchezi galdetu dio zer egingo duen eta nola egingo duen berak gehiengo hori berreskuratzeko.
Sanchezen hitzetan, "legegintzaldi honetan bizi diren egoera ezohikoei aurre egiteko Gobernua herritarren bizitza hobetzeko lanean ari da".
Horregatik, eskerrak eman dizkie talde parlamentarioei, "ez dutelako nahasten eztabaida politiko zehatz bat", hala nola espioitzarena, eta krisiaren kudeaketarena, eta "politikaren lehentasunak zeintzuk diren ulertzen dutelako".
Legealdian zehar eskubide eta askatasunetan aurrera egitea ahalbidetu duten 140 ekimen legegile inguru onartu direla gogorarazi du Sanchezek eta norabide horri helduko diola azpimarratu du.
Aizpuruak, bigarren txandan, ohartarazi dio herritarrek ez dituztela "Gobernuaren akatsak ordaindu behar", eta Sanchezi leporatu dio gehiago egin dezakeela Gobernuak espioitza politikoaren "larritasun handiko" auziari emandako erantzunean.
Bidenabar, Sanchez presidenteari galdegin dio hel diezaiola "Estatuaren benetako demokratizazioari", lurralde-gatazkak elkarrizketaren eta akordioaren bidez konpontzearen alde eginez eta berroneratze demokratikoari ekinez; horrela lortuko baita Aizpuruaren ustez "eskuin muturraren gorakada geldiarazi eta eskubideak berreskuratzeko eta askatasunak zabaltzeko ziklo luzeagoa".
Sanchezek erantzun dio Gobernuak erabateko konpromisoa duela berroneratze demokratiko horrekin, baina, aldi berean, argi utzi du Gobernuak "erabateko konfiantza" duela Estatuko Segurtasun Indarrekin.