Politika -
ELKARRIZKETA ETB-1EN
Atristain ETAko presoaren auziak irekitako bidea hainbat kasuri ezarri beharko litzaiokeela uste du Aizpuruak
Pegasus programarekin egindako espioitza kasuei lotuta, esan du auzia inpass egoera batean dagoela. EH Bilduk beharrezkotzat jotzen du guztia argitzeko ikerketa batzordea osatzea eta pauso gehiago ematea eskatzen dio Espainiako Gobernuari.
EITB MEDIA
Pasa den astean, Xabier Atristain ETAko presoari lotuta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak eman duen epaia beste hainbat kasuri aplikatu beharko litzaiokeela uste du Mertxe Aizpurua EH Bilduk Espainiako Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak. Dagoeneko hainbat presok egin dute eskaera eta argi du auzitegiek zer egin beharko luketen, baina ez, ordea, zer egingo duten.
ETB1eko "Egun on Euskadi" saioan egin dioten elkarrizketan, presoen hurbilketak ere hizpide izan ditu eta esan du tantaka gertatzen ari direla. "Espainiako Gobernuari iruditzen zaio gauzak ondo eta erritmo onarekin egiten ari dela; guri, oso mantso dabilela", nabarmendu du. Dena dela onartu du neurri horrek ez duela hasiera batean adinako iskanbila eragiten.
Pegasus programarekin egindako espioitza kasuei lotuta, berriz, auzia inpass egoera batean dagoela adierazi du Mertxe Aizpuruak. Hala eta guztiz ere, ez du uste kontua hain erraz isilduko denik. Testuinguru horretan, EH Bilduren iritziz, beharrezkoa da guztia argitzeko ikerketa batzordea osatzea, eta pauso gehiago ematea eskatzen dio Espainiako Gobernuari. Horren ustez, "zentzugabea" litzateke Europan gaiari buruzko ikerketa batzordea egitea eta Espainian ez. Katalunian ere egingo dute. "Gobernuak berari egindako espioitza serio hartu du, baina ez gainontzekoei egindakoa eta hori ezin da onartu", gaineratu du.
Egunotan hizpide den abortuaren legeari lotuta, azkenean aurrera aterako dela espero du: "Badirudi Ogasun Ministeriorik daudela eragozpen handienak, baina espero dut abortuaren legea aurrera aterako dela bere osotasunean".