Politika -
CEBEK
Urkulluk "jarrera proaktiboa" izateko deia egin du, "egungo egoera zailaren aurrean"
Lehendakariak esan du ez duela kezka ezkutatzen "emozio eta gizarte neke nabarmena" eragin duten krisi globalak kateatu ondoren.
EITB MEDIA
Iñigo Urkullu lehendakariak "konfiantza, konpromiso indibiduala eta erantzunkidetasuna" adierazi ditu egungo krisiaren eta ziurgabetasun-sentsazioaren aurrean. Urkulluren ustez, egungo egoera gogorra da eta "hala izaten jarraituko du", baina "gaur egun Euskadi martxan dagoela eta bide hori auzolanaren bidez jorratzen jarraitu behar dugula" gaineratu du.
Lehendakariak asteazken honetan hitz egin du Bizkaiko patronalaren (CEBEK) asanbladaren bukaeran. Bertan, azken bi urte hauek gure bizitza pertsonalean, familiarrean eta komunitarioan oso bereziak izan direla esan du, "ia batera hiru krisi global ezagutu baititugu, gure osasunean, garapen ekonomikoan eta emozionalean eragina izan dutenak, baina ziur naiz egoera hau ere gainditzeko gai izango garela".
Lehendakariak esan du, krisiak gorabehera, Euskadiren bilakaera positiboa dela, eta "hori harro egoteko eta akuilatzeko arrazoia da, ez autosatisfakzioarena". Ildo horretan, beharrezkotzat jo du "jarrera proaktiboa izatea, errealitatean eta errealismoan oinarritutako etorkizunerako proposamenak jasoko dituena, guztion onerako ahalegin partekatua integratuko dutenak".
"Baina, kontrapuntu gisa, negatiboaren etengabeko bilaketak baldintzatutako kontrako joera bat ere aurkitzen dut; batzuetan, bizi dugun errealitate objektiboarekin bat ez datorrena", kritikatu du.
Lehendakariak "manikeismoetatik" ihes egitea eta, "guztion artean, adostasun soziala bultzatzea" eskatu du.