Politika -

espioitza politikoa

Pegasus auzian Sanchez "bere burua inmolatzen eta Espainiari kalte larria egiten" ari dela salatu du Feijook

PPren buruzagiaren ustez, CNIren zuzendaria kargugabetzeak erakutsi du "Zuzenbide Estatua hautsi nahi duen Kataluniako independentismoak agintzen" duela.

Feijoo, agerraldiaren une batean. Argazkia: EITB Media
Feijoo, agerraldiaren une batean.
Sanchezek ''independentisten aurrean amore eman'' izana kritikatu du Feijook

0:38

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pegasus auziaren baitan, Espainiako Gobernuak Paz Esteban CNIko zuzendaria kargugabetu ostean, Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak esan du Sanchez "bere burua inmolatzen eta Espainiari kalte larria egiten" ari dela. Salatu duenez, PPri "entzungor egin dio beste behin, independentisten aurrean amore emateko".

Feijook agerraldia egin du eguerdian Espainiako inteligentziaren buruzagitzan "aldaketa" egin eta biharamunean. PPko buruzagiaren hitzetan, erabakiak agerian utzi duenez, "zuzenbidezko estatua hautsi nahi duen Kataluniako independentismoak agintzen du".

"Gobernu honek nazioartean zuen irudia izorratu du. Gobernua bere burua immolatzen ikusten ari gara zuzen-zuzenean, Espainiari kalte larria egiten. Noraez horrek ezin ditu gure erakundeak aurretik eraman", azpimarratu du.

Horren arabera, Sanchez eta bere taldea "itxura negargarria ari dira ematen une oro, eta Espainiaren izen ona kolokan jartzen ari dira". Feijooren irudiko, Espainiako presidentea "noraezean, gertakariek gaindituta eta bere kontraesanetan murgilduta" dago, eta, gainera, "bere bazkide independentistek egindako xantaian jausi da. Karikatura bat da, eta espainiarrek ez dute halakorik merezi".

Horren aurrean, Alderdi Popularrak "Estatu politika" egiten jarraituko du, "segurtasun nazionalarekin eta zuzenbidezko estatuaren defentsarekin konpromisoa" duelako. Erantsi duenez, horren kontura eskaintza egin zioten astelehenean NATOren goi bileran, eta Sanchezek "beste behin entzungor egin die". Dena dela, "Espainiako demokraziaren gobernu txarrenari alternatiba bat eskaintzeko lanean jarraituko dugu", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE PP Espainiako Gobernua Alderdi politikoak Pedro Sánchez EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak ERC Alberto Núñez Feijóo Espioitza