Politika -
Frantziako hauteskundeak
Lehenbailehen ezkerreko koalizioa osatzeko eskatu die Frantzia Intsumisoak sozialistei
Batzar Nazionalerako ezkerreko fronte bat sortzeko negoziazioak bertan behera uztea erabaki zuen Alderdi Sozialistak ostiralean. Koalizioa sortzearen helburua da Emmanuel Macron presidente liberalari kontraboterea egitea.
Agentziak | EITB Media
Jean-Luc Melenchonen Frantzia Intsumisoa da apirileko hauteskunde presidentzialetatik Frantziako ezkerreko indar nagusia, eta, larunbat honetan, Alderdi Sozialista tradizionalari eskatu dio ekainaren 12an izango diren hauteskunde legegileetarako koalizio aurrerakoi bat lehenbailehen osatzeko.
Alderdi Sozialistak negoziazioak etetea erabaki zuen atzo, ostiralean. Hala, ezkerreko fronte berri bat sorteko asmoa bertan behera gelditu da behin-behinean. Horren helburua da Frantziako Batzar Nazionalean ezkerreko diputatuen talde handi bat lortzea Emmanuel Macron presidente hautatu berriaren botereari aurre egitea.
"Macron ahulduta dago. Ezkerreko taldeon boterea 11 milioi bototan kokatzen da. Gure garaipena posible da", esan du Mélenchonek larunbat honetan elkarrizketa batean.
Ezkerreko liderrak 7,7 milioi boto (% 22) lortu zituen apirilaren 10eko hauteskunde presidentzialen lehen itzulian, Marine Le Pen ultraeskuindarraren atzetik, 420.000 boto gutxiagorekin. Hala, ezkerreko "porrotaren" kultura kritikatu du, eta ohartarazi du jendeak ez duela "bigarren porrot bat onartuko", indar aurrerakoiak batuta ez egoteagatik.
Mélenchonek lehen ministro izan nahi du; horretarako, Batzar Nazionalaren gehiengo absolutua behar du (577tik 289 diputatu). Kopuru hori, bere kalkuluen arabera, ezkerraren batasunak lor dezake.
Intsumisoen eta ekologisten arteko ituna adostear dagoen bitartean, sozialistekiko akordioa bertan behera geratu zen ostiral arratsaldean, ustekabean, alderdiko zuzendaritzak berak akordioa ixtear zegoela azaltzen zuen ohar bat argitaratu eta ordu batzuetara.
Programei buruzko desadostasunez gain, batez ere Europar Batasunari dagokionez, Frantziako komunikabideek diote tirabira-puntu erabakigarria dela eserlekuetarako hautagaien banaketa. Azaldu dutenez, hauteskunde presidentzialetan lortutako babesen proportzioan egingo litzateke, eta horrek Alderdi Sozialista (botoen % 1,7 lortu zuen) ia hautagairik gabe utziko luke.