Politika -
ESTATU-SEKRETUAK
ERCk, EH Bilduk, JxCATek eta CUPek sekretu ofizialen batzordean parte hartzea onartu du Kongresuak
Behe Ganberak gehiengo osoz eratu du lantaldea, bi urtez baino gehiagoz blokeatuta egon eta gero.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Kongresuak onartu egin du alderdi independentistek (ERC, EH Bildu, Junts per Catalunya eta CUP) gastu erreserbatuen batzordean parte hartzea.
Lantalde hori gaur eratu dute Behe Ganberan, gehiengo osoarekin, bi urtez baino gehiagoz blokeatuta egon eta gero.
Hain zuzen ere, diputatu hauek osatuko dute batzordea: Héctor Gómez (PSOE), Cuca Gamarra (PP), Iván Espinosa de los Monteros (Vox), Pablo Echenique (Unidas Podemos), Gabriel Rufián (ERC), Miriam Nogueras (Junts), Edmundo Bal (Ciudadanos), Aitor Esteban (PNV), Mertxe Aizpurua (EH Bildu) eta Albert Botran (CUP).
Meritxell Batet Kongresuko presidenteak gehiengoa jaistea proposatu zion Kongresuari, batzorde horretan aniztasun politikoa bermatzeko eta ERCri, EH Bilduri edo beste edozein alderdiri betoak jartzea saihesteko.
Felix Bolaños Presidentetzako ministroak adierazi zuen Espainiako Gobernuak formula guztiak bilatuko zituela politikari independentisten ustezko espioitza argitzeko.
Koalizio Gobernuaren "biziraupen politikoagatik" sekretu ofizialen batzorde berrian EH Bildu eta Kataluniako independentistak sartzea aurpegiratu dio PPk PSOEri. Espainiarrek "barkatuko ez" diotela esan du Alderdi Popularrak.
Bozketa baino lehen egindako eztabaida laburrean, "aurrekontuetako bazkideen xantaiagatik" adostasunak haustea leporatu die Jose Antonio Bermudez de Castro PPko ordezkariak sozialistei. Indar independentistek ez dute eztabaidan parte hartu.
Era berean, Macarena Olona Voxeko diputatuak ika-mika izan du Meritxell Batet Kongresuko presidentearekin. Independentistek sekretu ofizialen berri izateko bidea erraztea leporatu dio Olonak Bateti. "Errespetu eta dotorezia falta" egotzi dio Kongresuko presidenteak ultraeskuineko ordezkariari.