Politika -
ESPIOITZA POLITIKOA
EH Bilduk eta talde katalanek Sanchezen, Grande-Marlaskaren eta Roblesen agerraldiak eskatu dituzte Kongresuan
Guztira, zazpi pertsonaren agerraldiak galdegin dituzte, CNIko, Guardia Zibilaren eta Segurtasun Nazionalaren buruarenak, besteak beste.
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
Pegasus programarekin hainbat politikari independentistari egindako espioitza politikoaren auziak zeresana ematen jarraitzen du. Gaur, EH Bilduk, ERCek, Juntsek, CUPek, PDeCATek eta BNGk, Mas Pais eta Compromis taldeekin batera, premiazko zazpi agerraldi eskaera erregistratu dituzte Diputatuen Kongresuan.
Guztira, zazpi agerraldi eskatu dituzte: Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearena, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroarena, Margarita Robles Defentsa ministroarena, Maria Gamez Guardia Zibileko zuzendari nagusiarena, Miguel Angel Ballesteros Segurtasun Nazionaleko zuzendari nagusiarena, Paz Esteban CNIko zuzendariarena eta Oscar Lopez Agueda Moncloako kabinete buruarena.
Zelatatu dutenetako batek, Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak, azaldu duenez, "politikari independentisten aurkako espioitza masiboaren eskandalua lehenbailehen argitzea" nahi dute, eta ildo horretan pertsona horiek "gai nahasi" hori argitzen lagun dezaketela uste du.
Agerraldiak eskatzen dituzten taldeen ustez, Espainiako Gobernuak gertakari "larri" horien berri bazuen ala ez argitu behar du, eta oro har espioitzaren aurrean eta zehazki Pegasus auzian zer neurri hartu hartuko dituen azaldu.
Unidas Podemosek eta EAJk kongresuan ikerketa batzordea osatzea babestu badute ere, ez dute sinatu gaur zortzi taldek egin duten eskaera.