Politika -
Espioitza politikoa
Alderdi abertzaleek eta Unidas Podemosek Pegasusen gaineko ikerketa batzordea eratzea eskatu dute
Unidas Podemosek, EAJk eta EH Bilduk, bai eta ERCk, JxCATek, PDeCATek, CUPek, Mas Paisek, Compromisek eta BNGk sinatu dute dokumentua, hainbat ministerioren "erantzukizuna eta egitura teknikoen erabilera okerra" ezagutzeko.
Agencias | EITB Media
Unidas Podemosek, EAJk eta EH Bilduk, bai eta ERCk, JxCATek, PDeCATek, CUPek, Mas Paisek, Compromisek eta BNGk eskaera bat erregistratu dute Kongresuan, Pegasus eta Candiru malwareen bidez 60 buruzagi politiko, aktibista, abokatu kazetari eta erakunderi egindako ustezko espioitza argitzeko.
Gainera, zerrenda ikusita, "orientazio politikoaren espioitza sistematiko eta orokor baten zantzuak" daudela azpimarratzen du eskaerak.
Eskuineko zein ezkerreko alderdiek salatzen dutenez, gastu erreserbatuei eta sekretu ofizialei buruzko parlamentu-batzordeak bi urte daramatza eratu gabe, blokeo politiko baten ondorioz. Orain, koalizio-gobernuko bazkideak eta Gobernuaren eta beste alderdi independentista batzuen aliatu parlamentarioek eskera hau egin dute, PSOEren, PPren, Voxen eta Ciudadanosen sinadurarik gabe.
Eskaeraren testuak Kongresuari galdegiten dio iker dezala "oinarrizko eskubideak urratu izango lituzkeen" ustezko espioitza, eta Espainiako Gobernuaren erantzukizun zuzena aipatzen du, gogorarazten baitu Pegasus sistema ordena-indarrei eta inteligentzia-agentziei bakarrik saltzen zaiela.
Batzorde horren helburua izango litzateke "Defentsa, Barne, Presidenteordetza eta Justizia sailen erantzukizuna eta egitura teknikoen erabilera okerra eta espioitza-egiturekiko lotura" ezagutzea, bai eta "Generalitateak atzerrian dituen ordezkaritzei buruzko ikerketen inguruan Kanpo Ministerioak egiten dituen jarduera guztiak zehatz-mehatz ezagutzea ere".
Alderdi sinatzaileek azpimarratu dute, bestalde, oraindik ez dela erantzunik eman botere publikoek Kitchen Kongresuko ikerketa-batzordean "barne-estoldak" deiturikoei buruz ondorioztatu ziren erantzukizunak beren gain hartu eta garbitzearen inguruan egindako jarduerei buruz.
Gainera, nazioartean espioitza-softwarea erabiltzearen gaineko kezka nabarmena dela adierazi dute, Europako Parlamentuak horri buruzko ikerketa-batzorde bat hasi deun heinean.
Kongresuko ikerketa-batzordeak Pegasus softwarea edo Estatuak espioitzarako erabiltzen dituen beste tresna batzuk garatzeko eta/edo erosteko kontratuak, kostuak eta kontratazio-prozesuak ere ezagutu beharko lituzkela azpimarratu dute.
Gainera, ustez espiatuak izan direnei kalteordainak emateko neurriak planteatzea eskatu dute, baita erantzukizunak eta kontrol, ikerketa eta prebentzio neurri egokiak hartzea ere, "demokrazia Estatuaren indarraren gehiegikerietatik babesteko".