Politika -

Maroko

Aljeriako enbaxadorea Espainiara laster itzuliko delakoan, Sahararekiko bere jarrera berretsi du Sanchezek

Espainiako presidentearen esanetan, "aparteko koordinazio eta kolaborazioa dugu Aljeriako Gobernuarekin". Era berean, Mendebaldeko Sahararen harira, Frantziak edo Alemaniak defendatzen dutenarekin "lerrokatu" direla azaldu du Sanchezek.

Sanchez, artxiboko argazki batean. EFE
Sanchez, artxiboko argazki batean.
Sanchez, artxiboko argazki batean. EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Auzi diplomatikoa aurki" konpondu eta Said Moussi Aljeriak Espainian zuen enbaxadorea "laster" itzuliko delakoan dago Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea. Espainiak Mendebaldeko Sahararekiko zuen jarrera aldatu ostean, enbaxadorea kontsultetarako deitu zuen Aljeriako Gobernuak.

Keinu horri garrantzia kendu dio Sanchezek, Antena 3 telebista katean egin dioten elkarrizketa batean, eta Espainiak Marokorekin eta Aljeriarekin, biekin, "harreman positibo eta estrategikoa" izatea espero du.

Sanchezen hitzetan, energia alorrean ez ezik, segurtasunean edo migrazioan ere lankidetzan aritzen dira Espainia eta Aljeria. "Aparteko koordinazio eta kolaborazioa dugu Aljeriako Gobernuarekin", azpimarratu du.

Era berean, Marokorekin dituen harremanak hizpide, Espainiako gobernuburuak esan du "estrategikoak" direla ondoko alorretan: migrazioan, terrorismoaren kontrako borrokan, polizien arteko kolaborazioan, drogen kontrako borrokan edota arlo ekonomikoan. "Europar Batasunetik kanpo, Maroko hirugarren bazkide komertziala da Espainiarentzat, horregatik ezinbestekoa da eurekin harreman egonkor, seguru eta konfiantzazkoak izatea", arrazoitu du.

Ildo berean, Mendebaldeko Sahararekiko jarreran Unidas Podemosekin eta PPrekin "bat egin ez izatea" deitoratu du. Azaldu duenez, Espainiako Gobernuak "bere egin du Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren adierazpena, eta aldi berean, Frantziak edo Alemaniak defendatzen dutenarekin lerrokatu da".

Hala, argitu du 2007tik Mendebaldeko Sahararen gatazka konpontzeko bi aukera daudela. Bata, Fronte Polisarioak defendatzen duen autodeterminazio eskubidea, eta bestea, Marokok egindako proposamena, hots, herrialdearen barruan Mendebaldeko Sahararen autonomia aitortzea. "Hauek dira mahai gainean dauden bi proposamenak, eta biek Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren aitortza dute", esan du.

Sanchezen aburuz, Frantziak, Alemaniak eta AEBk esana dute "interesgarria izan daitekeela bigarren aukera hori aztertzea 50 urte dituen gatazka hau desblokeatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Mendebaldeko Sahara Maroko