Politika -
Hauteskundeak Frantzian
Frantziako bozen lehen itzuliko emaitzek utzitako sei gako garrantzitsu
Macronen eta Le Penen arteko borroka, abstentzioa, Ukraina, ezkerra eta ekologismoa, boto kontsignak eta muturrak kontuan izan beharreko faktoreak dira.
Agentziak | EiTB Media
Hauek dira igandean egindako hauteskundeen lehen itzuliko emaitzek utzitako gakoak eta ondorioak apirilaren 24ko bigarren itzuliari begira:
Borroka
Macronek eta Le Penek 2017ko borroka errepikatuko dute bigarren itzulian, baina baldintza erabat ezberdinetan. Biak elkarrengandik askoz hurbilago daude inkestetan, eta berriz presidente izendatzea lortzeko izerdia bota beharko du Macronek.
Abstentzioa
Lehen itzuliko abstentzioa handiena izan da 2002tik. Botoa eman ez dieten (edo arerioa gorrotatzen duten) bozkatzaileak mobilizatzeko bi hautagaien gaitasuna faktore erabakigarria izango da.
Ukraina
Vladimiri Putini iraganean emandako laudorioak orain arte saihestea lortu du Le Penek, baita Errusiako bankuek bere alderdiari emandako mailegua ere. Putinen inguruko bideo eta elkarrizketa zaharrak saihesten jarraitzea lortuko al du?
Ezkerra
Ezkerreko hautagaiek eta ekologistak bozen % 31,92 bildu dituzte lehen itzulian. Bigarren itzulian boto horien norabidea garrantzitsua izan daiteke. Hautesleek Macronen teknokrazia liberala, Le Penen ultraeskuin populista edo etsi eta ez parte hartu erabaki behar dute.
Kontsignak
Boto kontsignek, edo haien gabeziak, bigarren itzuliko emaitzan eragina izan dezakete. Hautagai galtzaile batzuek (eskuin muturretik muturreko ezkerrera) dagoeneko botoa nori eman esan diete jarraitzaileei.
Muturrak
Eskuin muturrak bozen % 32 erdietsi ditu, botoen ia heren bat. Guztira, muturreko alderdiek eta indar erradikalek babesen % 58,13 bereganatu dituzte. Zentro-eskuina eta zentro-ezkerra, aldiz, gutxiengoan daude Frantzian, bozen % 41,87 eskuratuta.