Politika -
Hauteskundeak Frantzian
Frantziako Alderdi Sozialista desagertzear presidentziarako hauteskundeen ondoren
Botoen % 2 lortuta, Anne Hidalgo Parisko alkate sozialistak alderdiaren historiako emaitzarik txarrena lortu du bart. Valerie Pécresse buru duen eskuin tradizionalak ere kolpe gogorra jaso du.
O.P. | Eitb Media
Frantziako presidentetzarako hauteskundeen lehen itzuliak mapa politikotik ezabatu ditu ia Anne Hidalgoren Alderdi Sozialista (PS) eta Valérie Pécressen eskuin tradizionala (LR), alderdiotako hautagaiek, biak ere Paristik ateratakok, inoizko emaitzarik txarrenak lortu dituzte.
Pécresse eskuin moderatuaren hautagaiak azken botoraino zenbatuko du % 5era iristen ote den ikusteko, (Estatuak hauteskunde-gastuak itzultzeko legeak ezarritako gutxienekoa da hori), eta hiriburuko alkate Anne Hidalgo sozialista, baina, % 2an geratu da, zenbatutako lehen botoetatik egindako proiekzioen arabera.
Aukera aurrerakoien artean boto gutxien jaso dituen hautagaia izan da Hidalgo, Jean-Luc Mélenchon ezkertiarraren (% 20) eta Yannik Jadot ekologistaren (% 5) oso atzetik.
Kolpe gogorra izan da François Mitterrand edo François Hollande presidenteen alderdiarentzat. Ekaineko hauteskunde legegileetan jarriko dituzte orain indarrak, alderdiaren porrota saihesteko emaitza duina lortzea helburu.
Olivier Faure alderdi sozialistako lehen idazkariak porrot "historikoa" aitortu du eta ezkerraren batasuna eskatu du "justizia sozial eta ekologikoaren ituna elkarrekin eraikitzeko".
Macronen alde bozkatzera deitu izanak erakusten du badela isilpeko itun bat Macronekin, hautesleriaren zati handi bat kendu dion arren, helburua argia da, eskuin muturra geldiaraztea. Hidalgok, baina, ezkerretik ere galdu ditu botoak, lehen itzulian hirugarren indar bozkatuena izan den Jean-Luc Mélenchonen mesedetan.