Politika -
KRISIA ALDERDI POPULARREAN
PPko presidente izateko hautagaitza aurkeztuko duela iragarri du Feijook
"Presaz baina ondo hausnartutako erabakia" izan dela azaldu du Xuntako presidenteak, eta "hilabetean behintzat" ez dela Galiziatik joango esan du.
EITB Media
Alberto Nuñez Feijoo Xuntako presidenteak asteazken honetan adierazi duenez, PPren lidergoari buruzko erabakia "presaz baina ondo hausnartutako erabakia" izan da, eta "hilabetean gutxienez" ez dela Galiziatik joango esan du.
Xose Luis Vilela La Voz de Galiciako zuzendariarekin izandako solasaldian, Nuñez Feijook azaldu du gaur arratsaldean Galiziako PPren zuzendaritzarekin bilduko dela eta alderdiaren gidaritzari buruzko erabaki bat iragartzeko agerraldia egingo duela. "Presaz baina ondo hausnarutako erabakia izan da, kontraesankorra badirudi ere", nabarmendu du.
Galiziako presidentearen arabera, azken asteetako gertakarien aurrean, bere planetatik kanpo zegoen erabaki bat hartu behar izan du, eta gaineratu du ez duela horretarako anbiziorik izan.
Xuntaren eta PPren arteko bateragarritasunari buruz galdetu diotenean, Nuñez Feijook erantzun du posible dela "erkidego eta alderdi bateko presidente izatea". "Hilabetean behintzat ez dut Galizia utziko", azpimarratu du, martxoan eta apirilean Galiziako Gobernuaren "plangintza lantzen" jarraitu nahi baitu.
Gaur goizean Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan Laura Garrido Euskadiko PPko idazkari nagusiak adierazi duenez, gehiengo handi batek Feijoo babesten du, "gure alderdian erreferente bat delako".